ELAk Aberri Eguna dela-eta egin duen dokumentua aurkeztu du

2006/04/10

ELAk 2006. urteko Aberri Eguna dela-eta egin duen dokumentua aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Aurkezpenean ELAko Batzorde Eragileko kide Eustakio Uranga, Amaia Muñoa, Jose Elorrieta eta German Kortabarria izan dira. Hau da aurkeztu duten dokumentua.

ELAko Nazio Batzordearen adierazpena

2006ko Aberri Eguna dela-eta

Aberri Eguna une egokia da urtero prozesu nazionalaren ibilbideaz hausnartu, egoera berriek dakartzaten egitekoak adierazi eta gure herriaren askatasun osoarekiko eta nazio-eraikuntzarekiko banakako zein taldeko konpromisoa berriztatzeko.

ETAk hasitako ekintza armatuen etenaldi iraunkorra dugu egungo egoera politikoaren zedarririk nagusiena. ELAk, beste hainbat eragilek legez, aspaldidanik eskatu zuen erabaki hau; beraz, sindikatuak txalotu egin du eta nazio-prozesurako balio handiko ekarpentzat jo du.

Urte luzetan bilakatu diren jardun armatuak eta oraindik indarrean diren politika errepresibo indiskriminatuek bizikidetza, balore eta eskubideei kalte egin diete, eta hau lehenbailehen konpondu beharra dago. Hartara, ETAren erabakiaren ostean beharrezko diren erabaki guztiak har daitezela eskatzen du ELAk (gobernu, instituzio, botere, alderdi politiko eta abarren aldetik), desmilitarizazio prozesua arrakastaz burutu ahal dadin, giza-eskubide guztiekiko errespetua bermatzeko (besteak beste, presoenak), biktimei zor zaien tratua emateko, apartheid politikoaren amaia, etab. Halaber, ELAk bake prozesua sustatzeko asmoa berresten du. Batik bat ELAk presoen eta erbesteratuen egoera konpontzeko konpromisoari eusten dio; auzi hau behin betiko guztiek etxera itzultzeko aukera dutenean amaituko da.

Ikuspuntu politikotik sarri esan izan dugu ekintza armatuak bertan behera utzita prozesu subiranista baterako oinarri berriak ezartzeko aukera sor zitekeela. Horregatik, ekintza armatuen etenaldiak ekarri duen egoerak hori zehazteko urratsak egitea posible egiten du. Horrekin batera, ezin dugu ahaztu azken bi urteotan euskal gizartean apustu subiranistaren aldeko bi ideia hedatu direla. Batetik, indarrean diren esparru politikoak agortuta daudelako diagnostikoa. Bestetik, gatazka politikoa konpontzeko bitarteko nagusia autodeterminazio eskubidea delako ziurtasuna.

Badirudi gaurko eztabaida politikoaren mamia gatazkaren konponbiderako elkarrizketa mahaia edo mahaiak eratzea dela. ELAk dio ikuspuntu nazional desberdinak dituzten indarren arteko elkarrizketa eta akordio politikoa beharrezko dela normalkuntzan aurrera egite aldera. Baina sindikatuaren ustez egun alde baten eta bestearen indarrak nola dauden ikusirik, subiraniari buruzko eztabaidak esparru horretan nekez izan dezake konponbide egokirik.

Izan ere, PP eta PSOEren arteko ituna zeinaren arabera subirania Espainiako herriari baitagokio erabat indarrean dago. Rodriguez Zapaterok, agian taktika medio, mahaia eratzeari uko egin izanak ez digu oinarrizko datua ahaztarazi behar: autodeterminazio eskubidea aitortzeari ematen dion ezezko estrategikoa (eta honetan PP bat dator harekin). Jarrera hau eurentzat funtsezkoa da, menderakaitza, eta Espainiako Gorteek Kataluniako Estatutuari egin dioten inauste-lanak are argiago berretsi du.

Beraz, ELAren aburuz eztabaida estrategikoa kontsultaren inguruan egin beharra dago, eta bera autodeterminazio ekintza bat da. Hasi den aro berrian kontsulta horrek izan behar du jarrera subiranistaren iparra. Noski, ez gara estatuak emandako akordioa berresteko kontsulta batez ari, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzeaz baizik, eurei baitagokie Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den (...) beren hitzaren bitartez adieraztea (Lizarra-Garaziko Adierazpena).

Aipatu beharra dago ELAren ustez oraindik aidean dagoen kontu bat: Gasteizko Legebiltzarrak estatutu politiko berriari buruz kontsulta deialdia egiteko hartu zuen konpromisoa, baldin eta Espainiako Gorteek ukatzen bazuten; horixe gertatu baitzen. ELAk ez du uste konpromiso hori baztertu, ez indargabetu behar denik. Aitzitik, sindikatuaren aburuz baldintzarik onenetan gauza ahal dadin aliantza politiko eta sozialak zabaldu egin behar dira.

Dena dela, ELAren aburuz kontsultak indarrak bat egiteko izan behar du, eta ez elkarren aurka jarduteko, ez gatazka politikorako gai. Horrek esan nahi du prozesu bati ekin beharko zaiola kontsulta prestatu eta bere epeak, edukiak, esparruak eta prozedurak erabakitzeko, baita gizarteratzeko lanaren ildo nagusiak adosteko ere; hots, hitzartutako bide orri bat ezartze aldera. Bestalde, Konstituzioaren sistema edozein egoeratan blindatzen duten bi indar politiko espainiar nagusiek egiten duten moduan, esparru politikoak bereganatzeko lehia legitimoak ez luke, gure iritziz, minimoei buruzko akordio baten gainetik egon behar; ez litzaioke indar subiranisten arteko agenda adostu bati gailendu behar.

Ipar Euskal Herrian Batera plataformak plazaratutako aldarrikapenen inguruan garatzen ari den dinamika politikoak (Laborantza Ganbara, departamenduaren aldeko erreferenduma, euskararen ofizialtasuna eta unibertsitatea) argi adierazten du gutxieneko amankomun batzuk finkatzeak gizartea erakartzeko zer nolako ahalmena duen. Euskal Herri osoan beharrezkoa da lan hau, eta areago Nafarroan, non estrategia bateratuaren gabeziak diskurtso eta jokabide antidemokratiko eta antieuskaldunak ezartzeko aukera errazten duen; jarrera hauen adibide garbia dugu UPNk eta CDNk Parlamentuko bozeramaileen mahaian eta batzordean apirilaren 3an sustatu zuten adierazpena.

Badakigu aldi honi ekiteko oztopoa dugula mundu sindikalean behar adina akordioa ez izatea. ELAk eta LABek une oso zailetan ibilbide bati heldu diote; garai hortan helburu berak ezarri izanak eta elkarren arteko lanari eusteko borondateak indar handiagoa izan dute egunez eguneko gorabehera eta desadostasunek, nahiz pluralismo sindikalaren sistemak berarekin dakarren lehiak baino. Gaur, zoritxarrez, egoera oso desberdina da.

Aberri Eguna dela-eta, ELAk adierazi nahi du ESKrekiko eta STEE-EILASekiko ekintza bateratua zabaltzea funtsezko helburua dela. ELAren iritziz LABekiko ekintza bateratua berreskuratu eta oinarri sendo batzuren gainean eraiki beharra dago. Ekintza bateratu horrek ez du soilik sindikatu bakoitza indartzen; aldiz, banakoen baturak duena baino garrantzi eta ahalmen askoz handiagoa ematen dio gehiengo sindikalari. Horregatik, ELAk aro berrirako ekintza bateratuaren ildo estrategikoak adosteko borondatea eta ahaleginak egiteko konpromisoa agertzen du, horrela bat datorren praxi bat berreraikitzeko; honen edukiak negoziazio kolektiboa, gizarte eredua eta euskal gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko borroka izango dira, Euskal Herri subiranoa ipartzat hartuta. Praxi honek ---desadostasun ideologikoak eta antolakunde-kultura desberdinak gorabehera-, egiteko berezia eta autonomoa izango duen gehiengo sindikala osatuko du.

ELArentzat ohiko jardun sindikala, lan eta gizarte arloko aldarrikapenena, alegia, da nazio eraikuntzari sindikalismoak egin diezaiokeen ekarpenik behinen, berezien eta benetakoena. Prozesu subiranista bultzatzeko modurik egokiena gizarte justuago batekin lotzea da. Jite sozial hori are garrantzitsuagoa da konpromiso abertzaleak oraindik ere militantzia handia eskatzen duela kontutan izanik. Eta klase xeheetan, hots, nazio-askapeneko prozesua bultza behar duen jendearengan, ilusioa eta konpromisoa hedatzea nahi bada, politika integratzaileak, oinarritzat justizia soziala dutenak, dira bide bakarra. Hori dela-eta, ELAren aburuz funtsezkoa da indar subiranisten arteko lankidetzak elkartasunezko gizarte-eredu baten erreferentzia aintzat hartzea.

Hain zuzen, ELAk ohartarazi nahi du prozesu subiranistarentzako arrisku handia dela indar abertzaleen esku diren instituzioen joera neoliberal eta autoritarioa: zerga- eta aurrekontu-politika, gizarte-eredu baten aldeko herri-ekimen legegileak, greban dauden langileen aurkako erasoa (polizia-indarren oldarra eta abusuzko zerbitzu minimoak erabiliz), zerbitzu publikoen pribatizazioa...

Hori guztia kontutan izanik, aldarrikapen egun izan behar duen honetan ELAk bere konpromiso nazionala berretsi nahi du eta langileei dei egiten die bil daitezela Euskal Herri subirano, justu eta solidarioa eraikitzeko lanera.

Gora Euskal Herriko langileria!

Gora Euskal Herria askatua!