Bilera lan ministroarekin
ELAk adierazi dio Yolanda Diazi lan-legedia Euskal Herrira ekartzeko mobilizatuko dela

Mitxel Lakuntza (ELAko idazkari nagusia), Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduraduna eta Ane Zelaia sindikalizazio arduraduna bildu dira gaur, ELAren Bilboko egoitzan, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta lan ministroarekin, azken honek eskatuta.
ELAk Yolanda Diazi CEN eta Confebask patronalen aurrean egindako ekimena azaldu dio, eta momentu honetan gehiengo sindikalaren beste kideekin batera aurrera eramaten ari den Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketaren berri ere eman dio.
Era berean, ELAren ordezkariek Espainiako presidenteordeari adierazi diote Estatuko lan harremanen eredua oso zentralizatua dela eta honek patronalen beharrei erantzuten diola, bake sozialaren bidez langileen lan baldintzak kaltetzen dituen homogeneizazioa dakarrelako. Hego Euskal Herriko langileek behin eta berriro borondate berezitu bat adierazi dute; horren adibide dira bai hauteskunde sindikaletan langileek ELAri eman dioten babesa edo Euskal Herriko langileek beren lan baldintzak hobetzeko martxan jartzen dituzten mobilizazio eta grebak, beste lurralde batzuetakoak baino askoz ugariagoak. Espainiako legediak ez die Hego Euskal Herriko langileen asmoei erantzuten eta bizi baldintzak hobetzeko ez du balio, ez gutxieneko soldatak ezta gehienezko lanaldiak hobetzeko ere.
Espainiako gutxieneko soldatak Hego Euskal Herrian eragin marjinala du. Azterketen arabera EAEko kasuan soilik langileen %3ari eragiten dio. Hau da, Espainiako gutxieneko soldatak ez ditu Hego Euskal Herrian langileak pobreziatik ateratzen eta ez da kohesio sozialerako tresna. Ondorioz, gutxieneko soldata propio bat ezarri ahal izatea ezinbestekoa da, munduko beste lurralde gehienetan bezala, Euskal Herrian ere legezko gutxieneko soldata ekitaterako eta justiziarako tresna izan dadin.
Gehienezko lanaldiaren murrizketak ere Hego Euskal Herrian beste lurralde batzuetan baino eragin askoz txikiagoa izango luke, eta pentsioei buruzko legediak ere ez du bermatzen Hego Euskal Herriko pentsiodunak pobrezia egoeratik atera ahal izatea. Horrenbestez, ELAk Yolanda Diazi exijitu dio lan-harremanen eta prestazio sozialen euskal esparruaren alde egin dezala, hori baita langile-klasea patronalaren interes monolitiko eta autoritarioengandik babesteko tresnarik eraginkorrena.
ELAren iritziz, Hego Euskal Herriko indar-harremanen arabera lortutako bizi-baldintzak beste lurralde batzuetako langileentzat ere erreferentzia positiboa dira, eta eraldaketa sozialarekin amesten duen edozein agintarik erantzun positiboa eman beharko lioke burujabetza sozialaren eskaerari, Espainiako elkarrizketa sozialak argi erakutsi baitu ez duela horretarako balio. Euskal Herriko langileen garaipenek beste lurraldeetako borrokarako grinak elikatu ditzakete, borrokarik gabe ez baitago eraldaketa sozialik, eta horregatik nahi dute CEOEk, Confebaskek eta CENek lan-baldintzekin lotutako eztabaida guztiak zentralizatzea.
Azkenik, ELAk Yolanda Diazi adierazi dio prest dagoela bere mobilizazio gaitasuna erabiltzeko gutxieneko soldata propioaren, lanaldi murrizketen eta pentsio duinen alde. Presidenteordeak publikoki adierazitakoaren arabera, prestutasuna du lanaldi murrizketa legez aldatzeko edo Langileen Estatutuaren 27. artikulua (gutxieneko soldatarekin lotutakoa) aldatzeko. Zentzu horretan, ELAk adierazi du bi neurri horiek direla eta, Hego Euskal Herrian erabakitzeko aukera jasota ala patronalaren interesak defendatzen dituen proposamen zentralista jasoz gero, ELAren mobilizazio gaitasun hori Hego Euskal Herriko Kongresuko kideak zentzu batean ala bestean presionatzeko baliatuko duela.