ELAk adierazi du patronalak bere proposamena hobetu behar duela Bizkaiko metalaren bitartekaritza prozesuaren lehen bileran

2023/01/16
Aldeak hurrengo bilerarako geratu dira, urtarrilaren 23rako. ELAren ustez, mobilizazioaren eta greben bidez bakarrik lortu ahal izango da FVEMek bere azken proposamena nabarmen hobetzea

Urtarrilaren 16an Bizkaiko metalaren gatazkari buruzko bitartekaritz prozesuaren lehen bilera egin da. ELAk urriaren 19ko edukien proposamena defendatu du bileran. Hona hemen proposamen horren eduki garrantzitsuenak:

*Soldata igoerak: aurreko urteko KPI sektore osorako

*Arbitrajea edo ORPRICCEra jotzea eragozten duen klausula, langileen ordezkariekin ados jarri ezean.

*8 orduko lanaldi murrizketa

*Subrogazioa azpisektore gehiagotara zabaltzea

*ETT bidezko kontratazioa mugatzea

*Berdintasun planak, langileen legezko ordezkaritzaren gehiengoarekin adostu badira soilik.

*Lizentzien hobekuntzak

*Ez egotea elementu erregresiborik hitzarmenean

ELAk uste du FVEMi dagokiola mugimenduak egitea eta azaroaren 25eko proposamena nabarmen hobetzea, sektoreak berak baztertu baitzuen bere proposamen hori, azaroaren 28tik abenduaren 2ra egindako greben bidez. Nolanahi ere, ELAk negoziatzeko borondatea agertu du, kasu honetan bitartekaritza prozesuan, aurretik Negoziazio Mahaian egin duen bezala. Hurrengo bilera urtarrilaren 23an izango da, 10: 00etan. Azkenik, ELAk uste du Bizkaiko metalean aberastasuna modu justuan banatuko duen hitzarmen duina lortzeko modurik onena mobilizazio eta greba gehiago antolatzea dela.