ELAk Administrazioak hitzarmenaren negoziazioan adostu duen ordainketa maila bikoitza salatu du

2005/10/18

ELAk Administrazioaren eta CCOOren arteko hitzarmenaren sinadura salatu du gaur goizean Donostian eman duen prentsaurrekoan. ELAko ordezkari Patxi Agirrezabala, Izaskun Gana, Merced Villa eta Patxi Martinez Albenizek txosten hau aurkeztu dute.

1-. Negoziazioaren testuingurua

Mahai hauek administrazioaren interesei erantzuten die bakar bakarrik

Urteoro administrazioak bere kabuz erabakitzen ditu negoziazioaren edukiak eta baita ere negoziazioaren denborak. Honela bilera askoren ondoren, negoziazioa ixteko erabakia hartzen du sindikatuon aldarrikapenak bigarren mailara pastasen direlarik.

Forma kontutan ere, ez dituzte itxurak ere gordetzen. Guk prentsaz, jakin izan dugunez sinadura hau ezkutuan burutu da, azken negoziazio mahaian ez bait zen ezertxo ere sinatu.

Administrazioak negoziazioaren gutxieneko joku arauak ez ditu betetzen

Administrazio honen buruek foro ezberdinetan (Legebiltzarra, Madrilen...) hainbat aldiz beren ahotan darabilten errespetu demokratikoa ez dute heuren etxean betetzen. Gutxiengoarekin sinatzea ohitura bihurtu da administrazio honetan.

Honela langile gehienen iritzia eta borondatea zapuzturik uzten du administrazioak eta ondorioz gutxiengoa sinatzeak errazten du.

Gaurko honetan ere ohizkoa den bezalaxe CCOOekin (%22ko ordezkaritza)bakarrik sinatu du, demokraziarik gabeko izaera erakutsiz.

CCOO, ohiturari jarraituz, eduki eskasekin sinatzen du

Urteak dira CCOO administrazioi honen kolaboratzaile makurtu bezala azaltzen dela, gehienetan gutxiengoan sinatuz administrazioak proposatzen dituen edukiak.

CCOO burumakur azaltzen da administrazioan eta berehala prest agertzen da administrazioaren esanei men egiteko.Honela CCOOk ere, langile gehienek eman ez dien ordezkaritza bereganatzen du eta langileon borondatea ordezkatzen du.

Hainbat aldiz sindikatu honek azaltzen duen batasun sindikalaren beharra, berak zapuzten du aurreneko momentutik, sindikatu arteko gutxienekoak errespetatzen ez dituelako.

2-. Akordioaren edukiengatik

Nagusiki akordio honek antolaketa berri baten ezarpena dakar

Unilatelarki diseinatua administrazioaren aldetik, langileon partaidetzarik gabe ELAk ez du sinatzen akordioa arrazoi hauengatik:

1-. MUGIKORTASUNA: Nahitaezko mugikortasuna indartzen du administrazioak eta borondatezkoa ia erabat galerazi.

2-. FORMAKUNTZA: Eduki ezberdineko lanpostu batetara aldatzeko administrazioak formakuntza prozesu bat eskatzen dio langileari, bainan ez zaio formakuntzarako eskeintzen.

3-. ORDAINKETA SISTEMA/ORDAINKETA MAILA BIKOITZA EZARTZEN DA:

-Lehendabizi bere legaltasuna aztertu beharra dago, honetan zalantza handiak bait daude. Sistema berriak oraingo soldatak karrerako funtzionariei bakarrik bermatzen die (bere lanpostuan mantentzen diren heinean) eta kanpo uzten ditu interinoak.

-Sistema honen ezarpenaren geroztik datozen interinoak maila berriak kobratuko dituzte. Beraz ordain maila bikoitza ezarriko da administrazioan.

-Zenbait kolektiborentzat atzerakada suposatzen du honek maila ordain maila batzuetara igotzea ezinezkoa egingo zaielarik.

-Baloratze sistemak ez duela balio argi geratzen da pertsona askok bere ordain mailak gutxitu egingo dituztelako.