ELAk larunbateko AHT-aren aurkako manifestazioa babesten du

2010/06/16
Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan egin nahi den abiadura handiko trenaren (AHT) proiektua onartezina da ELAren ustetan.

Ez du irizpide jasangarririk betetzen, ez ekonomikoki, ez sozialki ezta ingurumen ikuspegitik ere. Azpiegitura honek ez die herritarren beharrei erantzuten. Hiriburuetan bakarrik izango ditu geltokiak eta oso garestia izango da. Gainera, salgaiak garraiatzeko ez du balio. Eta ingurumen kaltea izugarria eta itzulezina da.

ELAk salatu nahi du garai honetan gastu publikoaren murrizketa onartezinak ematen ari direnean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sutsu defendatzen ari direla diru publiko gehiago bideratu behar dela proiektu hau aurrera eramateko. Gastu soziala murriztuko dute, AHTn gastatuko den dirua beste partida batzuetatik ari dira kentzen jada.

Beraz, momentu honetan inoiz baino arrazoi gehiago dago proiektu hau bertan behera uzteko. Alternatiba badago: trenbide soziala. Herritar guztion beharrei egokitutako trenbide sarea, ekonomikoki jasangarria eta ingurumen kalte larririk sortuko ez duena.

Arrazoi hauengatik, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta datorren larunbatean, ekainak 19an, Bilboko Jesusen Bihotzetik 17:30etan irtengo den manifestazioarekin bat egin eta bertara joateko deia egiten du ELAk.