ELAk aldarrikatzen du ospitaleen sukaldeak Osasunbidearen sare publikora berehala itzultzea
Ospitaleen pribatizatutako sukaldeetan azken egunotan gertatutakoa aztertu ondoren, ELA sindikatuak ondorengoa tinko eta ozen adierazi nahi du:
1. ELAk erabat salatzen du prozesu honen porrota, arreta kalitatearen izugarrizko murrizketa delako eta gaixorik daudenentzako ondorio larriak eragin ditzakeelako.
2. ELAk salatzen du pribatizazioaren gehiegizko kostu ekonomikoa, eta 100 baino gehiagoko lanpostu suntsiketa. Gainera, horrek eragin du soldata eta baldintzen murrizketa, kasu batzuetan egoera arriskutsuak sortuz (erreketak, pisu handiko gurdiak bultzatzeagatik eragindako kalteak, jakien manipulazioa, gaixoentzako igogailuen erabilera...).
3. ELAk erabat errefusatzen du Osasun Saileko kontseilaria den Marta Verak eta gainontzeko arduradunek egindako akusazioak (asmatutako sabotajeak, langileen kolaborazio eza...). Hau guztia faltsua da eta langileen kalterako adierazpenak dira, politikarien ardura ekiditze aldera. Orain, gainera, mamuak uxatzen ari dira gustatzen ez zaien errealitateari aurre ez egiteko asmoan.
4. ELAk Mediterranea de Catering-ek egindako kaleratzeak salatzen ditu, enpresak langile horiek errudun bezala aurkeztu nahi dituztelako bere ardura ekiditzeko. Horretan ere, Osasunbidearen zuzendaritzak bere ardura baduela. Sukaldeetako langile berriak ELAren babes osoa daukate egokiak deritzoten ekimenak aurrera eramateko, batez ere lan tratu txar eta abusuzko jarrerak salatzeko. Lan Ikuskaritza horren guztiaz jakinaren gainean jarriko du ELAk.
5. ELAk salatzen du Osasunbideak erizainei orain arte egin ez zituzten betebeharrak egiteko behartzen ari zaizkiela: jakiak berotzea, bazkariak behar den moduan eginik dauden ala ez bermatzea, solairuen barna banatzea eta abar. Eta hori dena, mehatxupean. Baldintza-agiriaren urraketa izan daiteke, eta betebeharren legez kanpoko banaketa berria da (ez baita igaro ez mahai sektorialetik ez beste legezko bidetik ere).
6. ELAk adierazten du zigorrik merezi duen inolako ekimenik ez duela bultzatu langileen artean. ELAk ez du onartuko inolako zigorrik pribatizatutako sukaldearen funtzionamendu okerraren erruz.
7. Gauzak horrela, ELAk aldarrikatzen du Mediterranea de Catering-ekiko kontratua bertan behera geratzea, eta sukaldea sistema publikora itzuli dadila. Helburu hori betetzeko, ELAk deia luzatzen die Parlamentuko alderdi politiko guztiei.