2025 MAIATZAREN LEHENA
ELAk alderdiei eskatu die gelditu dezatela gastu militarraren eta gerra industriaren hazkundea

MITXEL LAKUNTZAREN PARTE HARTZEA
ELAk Maiatzaren Lehena ospatu du Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan, 'Gutxieneko soldata hemen erabaki' lelopean. Beste erakunde batzuekin batera, udaberri honetan egiten ari den kanpainaren aldarrikapena da aurtengo Maiatzaren Lehenaren mezu nagusia, hain zuzen ere, lelo argia eta zuzena. Duela hilabete batzuk iragarri bezala, ELAk LGS 1.795 euroan finkatu du aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko. Izan ere, milaka langile daude ez dutenak soldata hori jasotzen, ezta parekorik ere, bereziki sektore feminizatuetan eta arrazializatuetan.
Gainera, Maiatzaren Lehen honetan abiarazi da ofizialki Hego Euskal Herrian Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) lortzeko sinadura bilketa, Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarren bidez HEL (Herri Ekimen Legegile) bat sustatzeko.
Ildo horretan, Mitxel Lakuntzak (ELAko idazkari nagusia) ohartarazi duenez, “hau hasi besterik ez da egin; LGS Euskal Herrira ekartzea lehentasun estrategikoa da sindikatu honentzat. Eta lehendakariari esan diogu: ekidistantzia ez da posible, ezta onargarria ere, pertsona prekarioenen bizi-baldintzez ari garenean. Lehendakariak uste du LGSa igo egin behar dela? Hemen erabaki behar dela uste du? Erantzuna baiezkoa bada, lanari ekin behar dio eta patronalari negoziatzera esertzeko eskatu”.
Ildo horretan, Lakuntzak gogorarazi duenez, “LGS propio baten aldeko borrokak eztabaida sakonagoa azaleratzen du: nork erabakitzen ditu gure bizi eta lan baldintzak? Errealitatea argia da: lanaren, pentsioen, babes sozialaren… legedi gehiena Madrildik inposatzen da oraindik. Eta bitartean, Gasteizen, hiru indar politiko nagusiek dagoeneko aurreratu dute ustez badagoela adostasuna estatutuaren erreforma baterako. Baina zer zentzu du estatutu berri batek, ez badugu eskumenik gure eguneroko bizitzari gehien eragiten dionaren gainean?”.
Euro bakar bat ere ez gastu militarrerako
ELAko idazkari nagusiak bere hitzaldiaren zati handi bat baliatu du gobernuen bilakaera belizista salatzeko. “Militarizazio globaleko prozesu honetan, NATOren protagonismoa salatu nahi dugu. ELAren ustez, erakunde horrek ez du bakea bermatzen. Alderantziz: mendebaldeko inperialismoaren tresna gisa jardun du”.
Hala ere, bere kritika ez da hain urrun geratu: “ELAk oso argi utzi nahi du: Pradalesek eta Chivitek deriba militaristari emandako babesa bereziki larria da. Gure gizartea gerra dinamika batean bete-betean sartzea legitimatzen dutelako, giza eta gizarte ondorioei buruz hausnartu gabe. Nola justifika daiteke lehentasun politikoa armagintza izatea desberdintasuna eta pobretzea hazten ari diren herrialde batean, milaka pertsona etxebizitza eskuratzeko aukerarik gabe edo zerbitzu publikoak hondatuta dauden herrialde batean?”.
Alternatiba gisa, ELAk politika industrial berri baterako planteamendu oso bat aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari. “Ekimen publiko sendoagoa behar da produkzio eredu jasangarriago baten alde egiteko: langileek parte-hartzea bermatuta izan behar dute, eta ekoizpena herrialdean errotuta egon behar da”. Horretarako, ELAk 2.300 milioi euroko funts publikoa eta BGAEen funtsak inbertitzeko baldintza zehatzak proposatu ditu.