ELAk alokairu sozialeko etxebizitzen parkea handitzea eskatu du Donostian

2022/07/14
Sindikatuak Donostian etxebizitzaren egoera jasanezina dela salatu du Alderdi-Ederren egindako elkarretaratze batean: Hego Euskal Herriko alokairu preziorik garestienak ditu Donostiak, 5.000 etxebizitza turismorako erabiltzen diren bitartean eta ia 300 pertsona etxerik gabe daudean

ELAk etxebizitza eskubidea aldarrikatu du Donostian egindako 100 pertsonatik gora elkartu dituen elkarretaratzean, espekulazioa eta negozioa bultzatzen duten politiken eta legediaren gainetik. Sindikatuak salatu du etxebizitzak eskubide bat izan behar duela, eta ez negozio objetu bat.

Hego Euskal Herrian 80.000 etxebizitza huts baino gehiago daude, urtean 1.000 deshauzio gertatzen diren bitartean; 2021ean deshauzioen kopurua % 30 igo zen. Gainera, etxebizitzaren prezioa onartezina da: batez beste, metro koadroak 3.000 euro balio du Hego Euskal Herrian, eta horrek alokairuaren prezioaren garestitzean eragiten du. Datu horiek kezkagarriak badira, are kezkagarriagoak dira Donostiako datu zehatzak, alokairuaren batez besteko prezioa Hego Euskal Herriko altuena da, 15,5 euro metro koadroko. Bitartean, 5.000 etxebizitza daude turismorako eta ia 300 pertsona etxerik gabe.

Eneko Goia Donostiako alkateak esan zuen norbere auzoan zahartu nahi izatea “exkisitoa” izatea dela, eta horrek laburbiltzen du etxebizitzaren egoera hirian: turistifikazioa eta negozioa oinarrizko eskubide baten gainetik.

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela etxebizitza politika publikoaren inguruko planik. 2022an aurrekontuaren % 0,2 baino ez da erabili etxebizitzarako, EBko beste herrialde batzuetan baino askoz gutxiago. Alokairu sozialeko etxebizitzetarako parkea %2,6 da soilik, eta Europako batez bestekoa, berriz, % 7,4. Horregatik, sindikatuak defendatu du alokairu sozialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitu beharko litzatekeela.