ELAk amaiera eman dio Bilboko EAGetako zelariek jasten zuten soldata-diskriminazioari

ELA sindikatuak denbora asko darama Osakidetzako langile guztiei %4ko osagarria aitortzeko eskatzen. 2021ean Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak antolatzen eta mobilizatzen hasi ginen, eta 2022an, Bilbo-Basurtu ESIko EAGetako zeladoreek ere bide berari ekitea erabaki dute, soldata-diskriminazioa amaitzeko eskatuz.
Kolektibo horrek, Etengabeko Arretako Guneetan (EAG) zerbitzuak ematen dituen arren, osasun-zentroetako pazientearen arretaren arloetan ere ematen ditu zerbitzuak, zentroko administrazio-laguntzaileen funtzio berberak betez. Hala ere, orain arte ez zaio kolektibo honi ordaindu gainerako langileek kobratzen zuten %4ko osagarria. Langileen antolaketaren eta mobilizazioaren bidez, ELAk lortu du Bilbo-Basurtu ESIko Zuzendaritzak osagarri horren ordainketa mahai gainean jartzea, eta, beraz, soldatak parekatzea lortu du. Eta hori guztia, gainera, atzeraeraginezko efektuarekin.
Egoera berean daude TGEEZko langileak, nahiz eta zentruko zuzendaritzaren borondatea bestelakoa den. Baina horrek ez du eragotziko mobilizatzen jarraitzea.
Hala ere, Bilbo-Basurtu ESIko EAGen aldarrikapen bat konpontzeke dago oraindik, eta hori plantilla handitzea da, izan ere, 2022ko otsailaren 20az geroztik, guztira 4 zelari kendu dituzte. Arazo horrek lan-kargei eragiten die, pazienteen kopurua ez baita murriztu. Orain, udan osasun-zentroetako ordutegiak murriztuta, egoera hori are larriagoa izan daiteke.
Horrekin guztiarekin, argi geratzen da Osakidetzan plantillaren lan-baldintzen bilakaera alda daitekeela, eta hori, plantillaren antolakuntza eta mobilizazioaren bitartez bakarrik izango da posible.