Nafarroako erresidentziak

ELAk Amavir Navarra enpresako lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko hitzarmena berritzea eskatu du

2023/05/17
Amavir Navarrako langileek elkarretaratzea egin dute Amavir Oblatas egoitzaren aurrean, ELAk deituta, enpresa hitzarmena berritzea eskatzeko. Izan ere, enpresako zuzendaritzak etekinak handitzeko lan baldintzak, eta horrekin batera eskaintzen den zerbitzua, are gehiago okertzeko hitzarmena desagerrarazteko asmoa agertu du.

Amavir Navarra hirugarren adinekoen Amavir Argaray, Amavir Mutilva eta Amavir Oblatas egoitzak kudeatzen dituen enpresa da, eta 350 langile baino gehiago ditu.

Enpresaren lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa 2021eko abenduan amaitu zen, eta 2022an negoziazio bileraren bat egin bazen ere, enpresak ez du inoiz inolako akordiorik lortzeko borondaterik izan.

Martxoan egin zen azken negoziazio bileran, enpresak hitzarmena ez negoziatzeko eta 2024ko ekainean ultraktibitatea amaitzean desagertzen uzteko asmoa azaldu zuen. Horrek esan nahi du langileen lan baldintzak okertu egingo direla, hitzarmen okerragoa ezarriko baitzaie. Hau da, enpresak etekin ekonomikoa handitu nahi du, lan baldintzak okertuz.

Egoera hori salatzeko eta hitzarmen kolektiboa berritzea eskatzeko, ELAk elkarretaratzea egin zuten atzo (maiatzak 16) arratsaldean Amavir Oblatas egoitzaren aurrean.

ELAk plantillaren lan baldintzak hobetzeko eta, horrela, zerbitzua hobetzeko benetako negoziazioa exijitzen dio Amavir Navarrari. Ezin da kalitatezko zerbitzurik izan lan baldintza prekarioekin. ELAk Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna ere nabarmentzen du, itunpeko egoitzak direlako eta diru publikoz hornitzen direlako.