NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

ELAk Amazonen kontratazio eredu prekarioari aurre egin dio eta lortu du bi azpikontratetan enpleguari eustea

2024/12/13
ELAk hitzarmen kolektiboa lortu du Besaide Logistics eta Sonic Delivery banaketako azpikontratentzat, hiru urtean % 31ko soldata igoerekin.

ELAk akordio aitzindaria lortu du Amazonekin, multinazionalak azpikontratatutako bi enpresekin kontratua etengo balu lanpostuak mantentzeko

Amazonek azpikontratatutako Besaide Logistics eta Sonic Delivery enpresetan ordezkaritza osoarekin- (3 ordezkari eta 1)-, ELAk hitzarmen kolektiboa lortu du orain arte Estatuko mezularitza hitzarmenaren bidez arautzen ziren lan baldintzak nabarmen hobetzeko. Akordioari esker, Ezkerraldeko eta Gasteizko azpikontratetako 70 langileek % 31ko soldata igoerak izango dituzte hiru urteko epean. Bi enpresek % 25 inguruko igoera aplikatuko dute 2024rako, % 3 gehigarria 2025erako eta % 3,1 gehigarria 2026rako. Orain arte, LGSren pareko soldatak jasotzen zituzten. Beste plus batzuk ere jasotzen dira araudi berrian, hala nola antzinatasunarena, aldi baterako ezintasunen prestazioaren hobekuntzena eta zerbitzua ematearekin lotutako beste plus batzuena. Gainera, 36 orduko lanaldia ezartzen da, Estatuko araudiaren 38 orduen ordez.

Era berean, ELAk lehen aldiz ireki du arrakala Amazonen kontratazio prekarioaren ereduan: Azpikontratatutako enpresekin kontratua etenez gero, lanpostuak bermatzeko konpromisoa hartzen du multinazionalak. Gaur egun, Amazonek enpresa batekin zuen kontratua deuseztatzen zuen bakoitzean, langileek lanpostua galtzen zuten, Ezkerraldeko Vayven Deliveryn gertatu zen bezala. Hemendik aurrera, Besaide Logistics eta Sonic Delivery enpresetako 70 langileak ez dira arduratu behar erraldoi teknologikoak hartzen dituen kontratazio erabakiez: azpikontratatutako enpresa aldatzen bada, plantilla esleipendun berriaren parte izatera pasatuko da, aurreko baldintzei eutsiz. Akordio hau erabat berria da, ez baita inon gehiago ezarri aurretik.

ELAk nabarmendu du adostutako aurrerapenak prekaritatearen aurka antolatutako plantilla sindikalizatuaren emaitza direla. Langileen antolaketaren eta sindikatu indartsu baten bitartez, posible da kapitalismo digitalaren barruan ere bizi baldintzak hobetzea. ELAk uste du akordioak erreferente garrantzitsuak direla plataforma digitalentzat, eta Uberreko eta Glovoko langileen baldintzak hobetzeko lanean jarraituko duela berretsi du.