AMAZON TRAPAGARAN

ELAk Amazoni azpikontratako langileak subrogatzea eskatu dio Vayvenen erregulazio espedientean

2023/08/29
Vayven Deliveryren (Amazonek Trapagaranen duen azpikontrata) kontratuak amaitzeko prozedurak aurrera jarraitzen du, eta kontsulta-aldiko bigarren bileran, ELAk berriro eskatu du multinazionalak bere gain har dezala azpikontratatutako enpresaren plantilla.

Kaleratze kolektiboaren prozeduraren arrazoia Amazonek Vayven Deliveryren zerbitzuak alde batera uzteko hartutako erabakia da. ELAk bete-betean errefusatu du enpresak planteatutako EEEa, eta Amazoni plantillaren subrogazioa eskatu dio.

ELAk berretsi du jarrera horiek guztiak Amazonek sortzen duen enpleguaren etengabeko prekarizazio-politikaren barruan daudela, bai bere plantillan, bai azpikontratazio-katean, irregulartasunez eta legez kanpoko ekintzez josita.
Multinazionalaren politika honek amaitu egin behar du. Amazonek azpikontratatutako Vaiven Delivery enpresa iraungitzeko enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia hasi zenetik, nabarmen murriztu dira enpresa horrek egiten dituen banaketak. Kontratak aldatzeko hipotesiaren aurrean plantillak subrogatzeko eskakizuna sektorean ezarri behar da oro har, eta Amazonen bereziki.

ELAk Vayven Deliveryko langileen enpleguarekin jarraitzeko borrokatuko du, bai bide sindikaletik mobilizazioak planteatuz, bai bide juridikotik, Amazoni plantillaren subrogazioa exijituz.