LAN OSASUNA
ELAk Aralar paper-lantegian zauritutako langilea hil egin dela salatu nahi du
Gaur hil da abuztuaren 26an Amezketako Aralar paper fabrikan izandako lan istripuan larri zauritutako langilea. Mantentze lanak egiten ari zela izan zuen ezbeharra eta lau egun beranduago hil da.
Lan-prekarietatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan-erritmoak eta segurtasun-neurririk eza dira ezbehar-tasan zuzenean eragiten duten arrazoiak. Arrazoi horiek are larriagoak dira egungo egoera ekonomikoan. Enpresek, orain inoiz baino gehiago, produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituzte gainerako guztiaren gainetik, eta, horren ondorioz, laneko segurtasuna eta osasuna erabat ahazten dira.
Administrazioen jarraipen eta kontrol ezak mota guztietako irregulartasunak ahalbidetzen ditu. Axolagabekeria erabatekoa da.
ELAk, hildako langilearen senide zein hurbilekoei elkartasuna adierazteaz gain, egoera kezkagarri hau salatu nahi du: testuinguru ekonomikoak zein administrazioen axolagabekeriak konponezinak diren ondorioak ditu langileriarentzat.
Lan heriotza honen aurrean, 24 ordutako lanuztera deitu du enpresa-batzordeak, abuztuaren 29ko 14:00etatik abuztuaren 30eko 14:00etara. Honetaz gain, kontzentrazioa egingo dute bihar ostirala, abuztuaren 30ean, 11:00etan, Amezketako enpresa atarian. Enpresa-batzordeak dei egiten die Amezketako lantegian ari diren azpikontratetako langile guztiei mobilizazioan parte hartzera.