ELAk arbuiatu egin du Banco Sabadellen sinatu den espedientea

2021/10/18
ELAren ustez onartezina da Banco Sabadellek UGT, SICAM-APROBAS, ALTA, Cuadros eta Intersindical sindikatuekin enplegua erregulatzeko espedienteari (EEE) buruz sinatu duen akordioa. Sindikatu honen ustez lantaldea murrizteko eta geratzen diren langileen baldintzako okertzeko arrazoirik ez dago; bada, horri men egin diote sinatzaileek, lantaldearen gehiengoa aurka egon arren.

ELAk deritzo Sabadell bankuan inor ez dela sobera. Kontrara, langile gehiago behar dira. Haatik, EEE hau sinatuta lantaldea murriztu egingo da, gutxienez 1.380 lagun, eta azkenean kopuru hori 1.605eraino iristeko aukera ere irekita dago (oraingoz ez da zehaztu EAEn eta Nafarroan zein eragin izango duen).

Gainera, ez da bermatzen irteerak borondatezkoak izango direnik (adostutako kopuruetara iritsi ezean derrigorrezko kaleratzeak izango dira), eta prozesua ez da gardena. Bestalde, langileen legezko ordezkari guztiok kaleratzeak benetan borondatezkoak ote diren behar bezala egiaztatzeko ere ez dago bermerik.

Irteerako baldintzak kaskarrak dira. Orain arte sektorean izan diren okerrenak. Nola eman daiteke akordio hau ontzat Banco Sabadellek 2021eko lehen seihilekoan 220 milioi euro irabazi dituenean (urte arteko %51,5eko igoera)?

Behin EEEa bukatuta geratuko diren langileek ere haren ondorioak pairatuko dituzte. Lantaldea murrizteak eragingo duen lan-karga handiagoa ez ezik, EEEan jaso den mugikortasun geografikoa kezkagarria da. Langile guztiak mugitu ahal izango dituzte, ez baitzaie soilik aplikatuko bulegoa ixten direnei; hutsunean osatzeko baliatuko da, eta ez da distantzia mugarik ezarri honetarako. Bulegoan %20 itxiko dituzte (320 bulego estatu guztian).

ELAren ustez akordio hau txarra da, eta ez du kontutan izan estatuan Banco Sabadelleko langileen iritzia. Izan ere, deitu diren mobilizazioek jarraipen zabala izan baitute, eta horietan ez zen eskatzen irteera baldintzak hobetzea edota EEEak eragindako jende kopurua murriztea: langile gehienak kalera atera ziren esateko Sabadellen inor ez dagoela sobera.

ELAk langileei eskertu egin die EEEaren aurkako borrokan agertu duten konpromisoa, eta kargu hartu die akordioaren sintzaileei, beren jarrera ez baita irmoa izan.