ELAk arbuiatu egin du inkomunikazio erregimena ezarri izana Asier Gonzalezi
ELAk salatu egin du, halaber, espainiar gobernuak atxiloketak eta operazio polizialak asmo manipulatzailez erabiltzen dituela. Izan ere, zaila da pentsatzea Santutxuko Herriko Taberna miatzeko aginduak ez duela zerikusirik 35/02 sumarioaren ahozko epaiketaren amaierarekin; “Herriko tabernen” auzibidea delakoa bidegabea izan da, prozedura aldetik irregularra, eta fiskalak egin zuen akusazioa ezin izan da mantendu.
Bestalde, gaur Atochako atentatuen hamargarren urteurrena betetzen da. Gaur izan diren atxiloketa eta miaketek zoritxarrez gogora dakarte espainiar gobernuak orduan agertu zuen modu eta abagunearen erabilera; espainiar historia politikoan izan den une mediatikorik beltzenetakoa izan zen hura, eta era doilorrean ETAri leporatu nahi izan zitzaion atentatuen ardura, hauteskundeetan izan zezaketen ondorioen beldurrez.
ELAk ez du onartzen Ertzaintzaz baliatzea Euskal Herritik kanpo erabakitako operazio politikoei babesa emateko, euskal herritar eta erakundeen lotsarako.
Sindikatuak eskatzen du inkomunikazio erregimena desager dadila, eta Santutxuko Herrikoaren miaketa amai dadila; espainiar gobernuak politika antiterrorista baztertu eta bake politika egiten hasi behar du behingoz.