ELAk arbuiatu egiten du Bilboko udalak onarturiko lan eskaintza publikoa erabat eskasa delako
Bilboko udalak, 50 lanpostutako eta 12 barne sustapeneko lanpostuen lan eskaintza publikoa onartu du gaur.
ELAren iritziz erabat eskasa da eskaintza hau, izan ere, gaur egun 100 lanpostu baino gehiago hutsik daude udalean eta 250 langile baino gehiago, bitarteko egoeran daude (finkoak ez diren kontratuekin).
Lan eskaintza honekin, udalak ez du konpontzen instituzioko sail askotan dagoen ageriko langile falta. Adibide bezala, udaltzaingoan, ez dira aurten jubilatzen diren langileen lanpostuak beteko eta hauek hutsik geratuko dira.
Egoera guzti hauek, hiritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea kaltetzen dute.
Sail batean bai, enplegua gehiagotzen da. Gobernu talde honek, aurrekoak baino 550.000€ gehiago gastatuko ditu goi karguetan eta asesoreetan. ELAk salatzen du argi dagoela aurrekontua badagoela partida honetarako, baina ez enplegua egonkortu, sortu eta langileen lan baldintzak hobetzeko.
ELAn, udalari exijitzen jarraitzen dugu, benetan zerbitzu publikoen aldeko apustu irmoa egin dezala eta ezinbestean enpleguaren kalitatearen aldeko apustua egin dezala:
- Udalean eta enpresa publikoetan hutsik dauden lanpostu guztiak bete ditzatela
- Gaur egun udalean dauden 250 bitarteko langile baino gehiagoren egoera egonkortu dezatela kontsolidazio prozesu bidez.
- Enplegua sortu dezatela, bilbotarrei kalitatezko zerbitzu publiko bat emate aldera.
ELA mobilizatu egingo da udalaren erabaki hau aldatzeko