ELAk arbuiatu egiten du Legebiltzarreko Mahaiko zenbait kideri ezarri dioten kondena

2008/01/23
ELAren iritziz zuzenbide-estatu batekin ez dauka zerikusirik Auzitegi Gorenak desobedientzia leporatuta Gasteizko ganberako lehendakari ohia eta mahaiko beste bi kide kondenatu izanak

Erabaki horrekin euskal botere legegilean epaileek onartu ezineko moduan sartu dute muturra –izan ere, kondena jaso dutenen xedea botere horren autonomia bermatzea zen–; horrek autogobernuaren erakundeak ahuldu egiten ditu, eta estatuaren botere bakarraren menpeko gisa erabiltzen ditu.

Gainera, ELAren aburuz sententzia honek ere badu zerikusirik egoera politikoarekin: euskal kutsua duen edozer eta gure herriko erakundeak azpiratzea estatuko borroketan erabiltzen den tresna bat besterik ez da.

ELAk nabarmendu nahi du berriro alderdien legea, auzi honi bide eman diona, ez dela demokratikoa, eta PSOEk, PPk eta estatuko botereek indarrean duten itun antiterroristaren emaitza dela. Eta gogoratu nahi du, hain zuzen, estrategia hori bultza zuten interesekin bat datozen taldeak herri-akzioa abusuz erabiltzen dutela.

Sindikatu honek kezkaz ikusten du Espainiako sistema politikoa gainbehera doala, hainbat gaitan ez baititu oinarrizko printzipio demokratikoak aintzat hartzen; ezta oraingoan ere, botereen banaketari dagokionez.

Oinarrizko eskubideak murrizten ari diren une honetan, ELAk era horretako jokabideak arbuiatu egiten ditu, eta kondena ezarri zaienei babesa eta elkartasuna helarazi nahi die.