ELAk arbuiatu egiten du presoen argazkiak erretiratzeko Jaurlaritzak eman duen agindua

2009/07/23
Terrorismoaren aitzakiaz, erabaki honekin ezkutatu egin nahi diote iritzi publikoari presoen eskubideekiko elkartasunaren zergatia. ELAk gogoratu nahi du euskal preso politiko gehienak sakabanatuta daudela.

Politika honen aurkako jarrerak gure gizartean elkartasunezko jokabideak dakartza, zilegi direnak eta botere publikoek errespetatu eta babestu beharrekoak. Demokrazian inola ere ezin da horiekiko kriminalizazio erabakiak hartu.

Gogoratu beharra dago ere bata bestearen ondoren etorri diren gobernu espainolek gaixorik dauden presoak kaleratzeari uko egin izan diotela; espetxeratzeko lehen gradua eta bakartzea neurrigabe aplikatzen dietela; zigorraren 3/4 edo 2/3 bete dituztenei ez dietela onurarik, ez baldintzapeko askatasunik ematen, eta oinarrizko hainbat eskubide ukatzen dizkietela: osasun arreta, komunikazioa, ikasketak, ama edo aita izateko aukera...

Alderdi sozialistak badaki honelako politika Espainiako estatuak sinatu dituen nazioarteko itun eta hitzarmenekin bateraezina dela; haatik, espetxe-politika hau areagotzea erabaki du.

ELAren ustez presoek badituzte eskubideak, baita senideek eta eskubide horiek aldarrikatzen dituzten erakunde eta kolektiboetako kideek ere.

Gogora dezagun, gainera, erabaki hau testuinguru zabalago batean datorrela, izan ere, gizarte honetako zati bati ukatu egiten zaizkio eskubide zibil eta politikoak, horrela era demokratikoan adierazteko eta parte hartzeko aukera galarazten zaielarik.

Beraz, ELAk berriro adierazi nahi du pertsona ororen eskubide zibil eta politiko guztiekiko agertu izan duen konpromisoa.