ELAk Arcelor Mittal-i eskatu dio ACB-ren etorkizuna bermatzeko

Gaur izan den ACBko langileen batzarrean ELAk proposamenaren aurkako jarrera hartu du: sindikatuak esan du ez duela inola ere onartuko ehunka lanpostu suntsitzea eragingo duen plan bat, gainera horrek ez baitu lantegiaren etorkizun industriala bermatzen.
Arcelor-Mittalen asmoa da egungo zuzeneko plantillako lanpostuen erdia suntsitzea, eta azpikontratetako behargin guztiak baztertuta geratzen dira, hauek ACBn lanean aspaldian ari badira ere. ELAk lehen unetik aldeztu du enpresaren edozein planetan aintzat hartu behar direla azpikontratetako langileak ere.
Enpresaren proposamena aurrekoaren oso antzekoa da; oraingoan, ordea, zuzendaritzak ez luke soldata jaitsierarik ezarriko. Haatik, plan horrek ez du ezer bermatzen, eta Ezkerraldea-Kadaguako industriaren etengabeko eraispen prozesuari jarraipena emango lioke. Arcelor Mittalek ACBko jarduera industrialaren jarraipenaz ez du inolako konpromisorik hartzen; kontrara, lana hilean bi asteburutan baino ez litzateke egingo; honek Sestaon ekoizten diren bobinak behin betirako beste nonbait egitea esan nahiko luke.
Gainera, multinazionalaren jarrera arbuiagarria da, langileei xantaia egiten baitie; hauek proposamena onartu ezean enpresa itxiko luke. Honek agerian uzten du Arcelor Mittalek ACBko langileak –zuzeneko zein zeharkakoak– gutxietsi egiten dituela, euskal gizartea bezalaxe. Ehunka langileren etorkizuna Arcelor Mittalen esku dago; ELAk berriro dio beharrezkoa dela -eta horretarako borondatea adierazi du- plantilla guztiarentzako plan bat lantzea; honek ACBko enpleguaren etorkizuna eta kalitatea ziurtatzeko bermeak izango lituzke.
Oraingoan ere Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu ez dezala ACBko zuzendaritzaren proposamena ontzat eman, eta susta ditzala ehunka langileen enpleguari eusteko politikak; ez luke kaleratzerik onartu beharko, eta multinazional honen interesei eta xantaiari aurre egin behar die, esparru publikoan zein pribatuan. Diru publikotik euro bat ere ezin da bideratu proposamen honetara; hau ezin da inola ere herri-erakundeetatik babestu, diskriminatu egiten baitu eta enplegua suntsitu, bere xede bakarra ARCELOR MITTALen kontuetan etekinak ziurtatzea den heinean.