ELAk artxibo historikoa garatzeko egitasmoa martxan jarri du

2007/01/08
Manu Robles-Arangiz Fundazioa Institutak ELAren artxibo historikoaren antolakuntza eta inbentarioa egiteari ekin zion, helburu argi batekin: etorkizuneko belaunaldientzako gordetzea. Artxibo historikoa ahalik eta osoena izan dadin, ELAk dei bat luzatu nahi die militante, afiliatu eta jarraitzaile guztiei: etxean izan dezaketen dokumentu, paper, argazki, karnet… historikoen berri jakinaraztea, artxiboa osatze aldera.

1911. urteko uztailaren 23a, igandea. Bilboko Posta kaleko 17.eko 3. pisua. 178 langilek araudia onartu eta "Solidaridad de Obreros Vascos" sortu zuten. Ia mende bat igaro da egun horretatik: 95 urte eta erdi. Denbora tarte luze honetan, sindikatu honek hamaika egoera bizi izan ditu: sorrera, hazkundea eta garapena, Errepublika eta Lizarrako Estatutuak, 1936ko altxamendu faxista eta guda, klandestinitatea eta herbestea, birzortzea eta legalizazioa…

Zaila da oso urte guzti hauetako bizipen oro jasotzea, baina Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioa helburu hori lortzeko lehen urratsa eman du. Izan ere, bera da ELAren artxibo historikoa zaintzeaz eta kudeatzeaz arduratzen dena. Artxibo hori, klandestinitatearen garaiaten mamitu zen bereziki, lehenik Miarritzeko egoitzan, eta, ondoren, Baionakoan. Francoren heriotzaren ostean, artxiboa Hegoaldera itzuli zen.

Milaka dira artxibo historikoak jaso-tzen dituen argazki, irudi, dokumentu, karnet eta prentsa laburpenak. Guzti horren balioaz ohartuta, Manu Robles-Arangiz Fundazioa Institutak artxiboaren antolakuntza eta inbentarioa egiteari ekin zion, helburu argi batekin: etorkizuneko belaunaldientzako gordetzea.

Artxibo historikoa ahalik eta osoena izan dadin, ELAk dei bat luzatu nahi die militante, afiliatu eta jarraitzaile guztiei: etxean izan dezaketen dokumentu, paper, argazki, karnet… historikoen berri jakinaraztea, artxiboa osatze aldera. Izan ere, guztion sindikatu honen historia hobeto ezagutzen lagundu dezakegu.


Harremanetan jartzeko:


Tlf: 94 403 77 99

Fax: 94 403 77 66

E-Mail: mrafundazioa@elasind.org