ELAk askatasun sindikalaren eta defentsa kolektiboaren eskubide urraketa salatu du Erandioko udaletxean

2015/12/10
ELA sindikatuak deituta, elkarretaratze bat egin da gaur, abenduak 10, Erandioko Udaletxearen aurrean, erakunde horrek langileen ordezkari bati bere lan sindikala egiteko aurrera eramateko jartzen ari dizkion trabak jendaurrean salatzeko.

ELAk salatu duenez, udalak nahierara aldatu du Udalhitz akordioaren 147. artikuluaren interpretazioa Udalhitz, euskal toki-erakundeetako pertsonalaren lan-baldintzak erregulatzen dituen akordioa da—. Aipaturiko artikuluan aitortzen zaie ordezkariei liberazio osoa hartzeko eskubidea, beste erakunde batzuetan metaturiko ordu sindikalen kredituaren kontura. Izatez, langile hori 2011. urtetik egon da liberaturik, orain ukatu dioten eskubide horri atxikiz.

Aurrean duguna, beraz, ELAren lan sindikala oztopatzea helburu duen erabaki politiko bat da. Aipatu beharrekoa da maiatzeko azken hauteskunde sindikaletan ELAk pertsonal laboralaren hiru ordezkariak lortu zituela, eta funtzionarioen Pertsonal Batzarako boto gehienak ere bai. Horregatik Pertsonalaren Batzako lehendakaritza darama ELAk maiatzetik hona.

ELAren iritziz ekimen hori ez da txiripa hutsez gertatu, lotura zuzena dago sindikatuak Erandioko Udaletxean egin dituen salaketa sutsuekin: Udalhitz akordioa ez betetzea, plantillako prekarietatea eta behin-behinekotasuna, eta azpikontratetan oinarrituriko erakunde paraleloa.