ELAk atez ateko zabor bilketaren alde

2010/03/01
ELAren ustez atez ateko zabor bilketa, dauden sistemetatik, zaborren gestiorako alternatiba onena da.

3Ren (gutxitu, berrerabili eta birziklatu) beharra azpimarratzen du, eta zentzu honetan, errausketaren aldekoak diren eta 3Ren bidea alde batera uzten duten instituzioen jarrera salatzen du.

Birziklatzearen inguruan, ELAk adierazten du atez ateko zabor bilketa sistema dela “zero hondakin” helburura gehien gerturatzen dena, datuek erakusten dute 5. kontenedorearen sistema baino hobea dela. Eta noski, errausketak baino osasun kalte gutxiago ekarriko dituen sistema da.

Usulbilen otsailaren 27an eta 28an burutu zen herri kontsulta lotesleari dagokionez, ELAk atez ateko sistemaren aldeko botua ematera deitu zuen

- Kontsulta honek balio handia duela azpimarratzen du, beste proiektuetan ez baita herritarren iritzia kontuan izaten.

- Herri honetan bizi izan den esperientziak, birziklatze tasa altuak erakusten ditu, %82, 5. kontenedorearekin %35era iristen ez denean.

- ELAren ustez, atez ateko sistemak udaletxeak zuzenean kontratatua duen langilego kopurua handitzea ekarri behar du, oraingoa ez baita nahikoa. Bestalde, enpresa publiko berri baten sorrerari dagokionez, ELAren ustez zerbitzu hau kudeatzen duen erakundearen aurrekontuak Udaletxeak onartu behar ditu; beraz kudeaketa zuzenean Udaletxeak edo Udal Organismo Autonomo batek egin behar du eta ez Sozietate Publikoen bitartez, hauek, herriaren borondatea isladatzen duten korporazioen kontrol ekonomiko eta politikotik kanpo geratzen baitira.

Azkenik, ELAk, atez ateko sistema Hego Euskal Herri osora zabaltzeko deia egiten du.