ELAk atxilotuen inkomunikaziorekin eta torturarekin amaitzea exijitzen du

2008/01/07
ELAk atxilotuek polizia etxeetan jasaten duten babesgabetasunarekin behin betiko amaitzeko eskatu du. Era berean, Igor Portu Donostiako arta intentsiborako gunean ospitaleratu eta gero gertatutakoa argitzea eta ardura politikoak argitu daitezela eskatzen du.

Era honetan, ezinbestekotzat jotzen du atxilotuen inkomunikaziorekin amaitzea, inkomunikazioak zigorgabetasunari ateak zabaltzen dizkiolako. Ezin dira onartu gizakien eskubideen urraketak ahalbidetzen dituzten gune hauek.

ELAk atxilotuekin torturaren erabilera salatu nahi du, eta tortura ahalbidetzen duten tresnak bertan behera geratzea exijitzen du. Inkomunikazioak gizakien eskubideekiko errespetu eza agerian uzten du, eta inkomunikazio politika honek polizia-gorputzei edozertarako aukera ematen die. Osakidetzaren sendagai agiriak argi nabarmentzen ditu Igor Porturen zauri larriak.

ELAk PSOEri eskatzen dio, egoera honen erantzule politikoa den heinean, berehalako erantzun bat ematea behin-behingoz inkomunikazioarekin eta torturarekin amaitzeko.

Politika honen aurkako jarrera azaltzeko eta, bide batez, giza eskubideen aldeko konpromisoa berresteko, ELAk elkarretaratze bat egingo du datorren ostegunean, urtarrilak 10, Bilboko Moyua enparantzan, eguerdiko 12:00tatik aurrera.