AURREKONTUAK EAE
ELAk aurkeztutako Aurrekontuen azterketak egiaztatu du "Pradalesen politika Urkullurena bezalakoa dela"
ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei buruz egindako txostena aurkeztu du. Azterketa Bulegoak egindako dokumentuan egiaztatzen denez, "Pradalesen aurrekontu politika Urkullurena bezalakoa da", Mitxel Lakuntzaren (ELAko idazkari nagusia) hitzetan. "Pradalesen Gobernuaren formak aldatu arren, ez dago inolako funtsezko aldaketarik Urkulluren aurrekontuekin alderatuta", baieztatu du. Horren adibide garbia Osasun Sailaren atala da: bertan 91 milioi euroko murrizketa aurreikusten da 2024ko itxieraren aldean.
Zentzu horretan, sindikatuak dio txosteneko datuek gezurtatzen dutela Eusko Jaurlaritzaren propaganda. “Gobernua aldatu den arren, aurrekontuak aurkezteko modua ez da aldatu. Proiektuaren ikuspegi partzial eta interesatua eskaintzen da, propaganda hutsa, eta informazio guztia herritarren eskura egon gabe. Horrela, Eusko Jaurlaritzak interesatzen zaion mezua zabaltzea lortu du, errealitatea oso bestelakoa izan arren”, kexu da.
Lakuntzak salatu du arrakala handia dagoela Europako osasun, hezkuntza eta etxebizitza parametroen eta Eusko Jaurlaritzaren parametroen artean, eta osasunean inbertsiorik ez dagoela nabarmendu du: "Osasun Itunari bonbo handia ematen ari zaio, baina zenbakietara jotzen badugu, Osasun Sailaren atala 2025ean 2024ko itxieran baino txikiagoa izango da". Ildo horretan, Gobernuko eta oposizioko alderdiek aurrekontu-eztabaidatik kanpo utzi dute Osasun Ituna, eta akats handia da hori, ELAren ustez. "Osakidetzak dituen egiturazko arazoak konpontzeko, baliabide gehiago behar dituzte, eta ez da onargarria Gobernuak eta oposizioak, batez ere ezkerrekoak, joko honetan parte hartzea".
Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoaren arduradunak ohartarazi du aurrekontuak finantzatzeko baliabideak gero eta mugatuagoak direla: "Zor publikoa da 2025erako gehien hazten den partida, ia % 20". Gainera, proposatzen duten erreforma fiskalak ez ditu baliabide publikoak handituko. Ildo horretan, Murgiak adierazi duenez, "zerga-berrikuspena kenkari fiskalen zerrenda bat baino ez da, eta aplikatzekotan, zerga-bilketa are gehiago murriztuko litzateke, jada Europako batez bestekoaren oso azpitik dagoen arren". Baliabideen murrizketa horrek ekarriko duen gauza bakarra zorrean oinarritutako aurrekontu bat da, pertsona guztiek ordaindu beharko duten, jakinarazi du ELAk.
Murgiak ohartarazi du aurrekontuek ekonomian duten pisua txikitu egin dela: "Adierazle honek erakusten du aurrekontuen proiektuak aurrekoen ildoari jarraitzen diola". Horren erakusgarri dira osasuna eta hezkuntza, Europako batez besteko inbertsioetatik oso urrun baitaude.
Janire Landaluze ELAko Azterketa Bulegoaren kideak beste gabezia batzuk nabarmendu ditu: "Aurrekontu honetan BPGaren % 0,28 baino ez da bideratzen etxebizitzara, Europan bideratzen den % 0,6tik oso urrun". Horren ondorioz, gero eta zailagoa da gero eta herritar gehiagok etxebizitza eskuratzea, batez ere emakumeek, gazteek edo pertsona migratuek. "300 euroan izoztu dira, halaber, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza bat eskuratzeko eskaintzen dituen prestazioak, eta kopuru hori ez da nahikoa". Prestazioei dagokienez, DSBEaren zenbatekoa % 1,5 baino ez da igo.
Aurrekontu proiektu honen aurrean, Landaluzek ELAren proposamenak zerrendatu ditu: premiazko erreforma fiskala enpresek eta errenta altuek gehiago ordain dezaten; osasun, hezkuntza eta etxebizitza gastua Europako batez bestekoarekin parekatzea; bizitza duina ahalbidetuko duen gutxieneko diru-sarrerak bermatzea; eta trantsizio ekosoziala bultzatzeko funts publikoaren sorrera.
Azkenik, Mitxel Lakuntzak gogorarazi du fiskalitatea eta aurrekontu-politika txanpon beraren bi aldeak direla. "Diru-sarrera fiskalik ez badago, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik". Hori dela eta, ELAren manifestaziora deitu du abenduaren 14an, 11:30ean, Bilbon, gehien dutenek gehiago ordainduko duten erreforma fiskala eskatzeko.