ELAk aurre egingo die Raxoik iragarri dituen erabaki antisozialei
Mariano Raxoiren gobernuak joan den abenduaren 30ean hainbat erabaki hartu zuen, besteak beste, aurrekontu-, zerga- eta finantza-gaietako neurri urgenteei buruzko Errege Lege-Dekretua eta 2012ko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata finkatzen duen Errege-Dekretua.
Erabakirik garrantzitsuenak bi multzotan sailka daitezke, batetik Zerbitzu Publikoetako langileei dagozkienak, eta bestetik, gainerakoak.
Zerbitzu Publikoetako langileei eragiten dieten erabakiak
Zerbitzu publikoetako langileei eskubideak zeharo murriztu dizkiete, hainbat eratan:
-
Ordainsariak izozten dira- Raxoiren Gobernuak herri-administrazioan lan egiten dutenen soldata izoztea erabaki du, Zapaterok 2011n egin zuen bezalaxe, 2010ko %5eko murrizketa eta gero. Gogoratu neurri hauek aitzakia administazioarekin lotura estua duten hainbat erakundetan aplikaturiko murrizketak ere. Hau honela zerbitzu publikoetako langileei 2012an ostera ere erosteko ahalmena urritu egingo diete (2011ko KPI aurreratua %2,4a izan da). Honekin erosteko ahalmenak %10 eta %13 bitartean galtzen du, administrazio eta erakundeen arabera.
-
Administrazioek ez dute ekarpenik egingo enpleguko pentsio-planetara, ez aseguro kolektiboko kontratuetara, erakunde zein sozietateetara. Honekin ere erosteko ahalmena kaltetuta gertatzen da.
-
Enplegu publikoa suntsituko da- Enplegu publikoa murriztu nahi dute, hainbat bidetatik joaz: langile berririk ez da sartuko (EPE berririk ez da onartuko, aurreko ekitaldietakoak bakarrik gauzatuko dira); aldi baterako langilerik ez da hartuko (salbuespenezko kasuetan izan ezik, premiazko eta atzera ezineko beharrizanak osatzeko, lehentasunezko jotzen diren arlo, funtzio eta kategoria profesionaletan edota oinarrizko zerbitzu publikoei eragiten dietenak). Muga hauek ez dira aintzat hartuko osasungintzan, hezkuntzan edota iruzur fiskalaren jazarpenari dagokionez; hauetan erreposizio tasa %10ekoa izango da.
-
Arestian aipatutako erabaki guztiak oinarrizkotzat jotzen dira.
-
Estatuko administrazioko beharginen lanaldia luzatu egingo da, astean 37,5 ordu izateraino (honek ez die autonomi- zein toki-administrazioko langileei eragiten). 35 orduko astearekin jarraitzeko aukera izango da, baina orduan soldata zati proportzionalean murriztuko da (%6,7 alegia). Hortaz, soldata-jaitsiera mozorrotu bat da hau. Bestalde, enplegua murrizten da eta beharrizanak osatzeko lanaldia gehitu nahi dute.
Beste erabaki batzuk
-
Pentsioak 2012an %1 eguneratuko dituzte; beraz, erosteko ahalmena galtzen dute. Raxoiren gobernuak ez du inongo neurririk hartu Zapaterok 2011rako pentsio gehienentzat ezarri zuen izoztea zuzentzeko, honen aurka hitz egin bazuen ere. Gainera, 2012rako erabaki duen igoera %1 besterik ez da (Europako Banku Zentralak aurtengo inflazio helburua %2an finkatu du, ohi duen legez, hots, horixe da aurreikusitako inflazioa). Gainera, Espainiako gobernuak ez du bermatzen aurtengo galera hau berreskuratuko denik.
-
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata izozten du- Gobernuak erabaki du Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 2012an hilean 641,40 euro izango dela, hots, 2011ko zenbateko berbera. Soldata honi berriro erosteko ahalmena kendu diote, beraz (2,4 puntu), 2010ean galdutako 1,7 puntuez gainera (2010ean LGS %1,3 gehitu zen, baina KPIa %3).
Emantzipazioko Oinarrizko Errenta kendu eta ohiko etxebizitzako inbertsioaren kenketa berriz ezartzen dute- Erabakiokin gobernuak jabegoaren alde egiten du, etxebizitza eraikitzen dutenen mesederako eta alokairuaren kaltetan.
-
Dependentzia legean jasotako hainbat eskubide beranduago jarriko da indarrean- “Dependentzia moderatua” dutenentzat prestazioak jasotzeko eskubidearen berariazko aitortza ez da 2012an izango. Honek Hego Euskal Herrian 10.000 bat lagunengan izango du eragina.
-
Beste atzerapen bat aitatasun baimenaren luzapenari dagokionez- 2011n gertatu zen bezala, 2012an ere ez da gauzatuko onartuta dagoen aitatasun epearen luzapena: 2012an 15 egunekoa izango da.
-
PFEZ igoera- Gobernuak PFEZ 2012 eta 2013rako igo egin du, tasa marjinal guztiak igo dituelarik, errenta apalenetako %0,75etik hasita. 120.000 eurotik gorako oinarri likidagarrien gaineko igoera 5 puntukoa izango da (tasa marjinala %50ean geratuko da), 175.000 eurotik gorakoentzat 6 puntukoa (%51eko tasa marjinala), eta 300.000 eurotik gorako oinarrien tasa marjinala %52koa izango da. Kapital errenten gaineko PFEZ ere gehituko da (%2 6.000 euroraino; 4 puntu 6.000 eta 18.000 euro bitartean, eta 6 puntu, 24.000 eurotik gorako oinarrientzat).
ONDORIOAK
-
Raxoiren gobernuak hainbat erabaki antisozial hartu du, eta horiekin defizit publikoa murriztu nahi du, baina gizarte-estaldurak murriztuz, zerbitzu publikoetako langileen lan-baldintzak okertuta eta enplegu publikoa suntsituz; horrek guztiak kalte egiten dio zerbitzu publikoen kalitateari.
-
Murrizketa hauek lehen urratsa besterik ez dira. Beste batzuk ere iragarri dituzte: erreforma laborala eta negoziazio kolektiboarena, pentsioen erreforma berria, aurrekontuen murrizketa gehiago urtarrilaren 5ean, martxoan plazaratuko duten 2012rako aurrekontuen proiektukoak... Ez da ziurra soldaten izoztea bere hortan geratuko denik ere, espainiar gobernuak aitortu baitzuen “negoziazio” mahaian 2012rako murrizte gehiago etor litekeela.
-
Politika hauek guztiak Europar Batasuneko gobernuek hitzartutako akordioen ondorio dira. Gobernu sozialdemokratak erabat ados daude eskuin ofizialekoekin. Ikusi besterik ez dago abenduaren 8 eta 9an izan zen azken goi-bileran zer erabaki zuten.
-
Politika hauekin herritar gehienak pobretu egingo dituzte. Langabezia eta babes gabezia soziala hedatzen dute. Soldatak eta LGS izoztu, pentsioen erosteko ahalmena murriztu, dependentzia-prestazio eskubideak moztu, emantzipazio oinarrizko errenta kendu eta are neurri gehiago izango dela iragarri dute.
-
PFEZeko aldaketak, EAEko hiru lurraldeetako Batzar Nagusiek egin zituztenak baino handiagoak, agerian uzten dute erreforma fiskal hauek eta Nafarroako Parlamentuak onartutakoak zeinen eskasak izan ziren. Egia da Raxoik PFEZ progresiboago bat ezarriko duela, baina egia da ere Sozietateen Zerga ez duela ukituko, eta ez zaiola iruzurrari jazarriko (areago, ikuskaritza fiskalerako giza-bitarteko gutxiago egotea aurreikusten du).
-
Erabakiokin krisia ez da gaindituko. Europar Batasunean atzeraldia finkatu egin da, eta murrizketa politika horiek areagotu egiten dute; ez da egia krisitik ateratzeko beharrezko neurriak direnik.
-
ELAk dei egiten die Hego Euskal Herriko administrazioei murrizketen bideari uko egin diezaioten eta ez dezaten onartu Raxoiren soldatak izozteko eta enplegu publikoa suntzitzeko politika.
-
ELAk ohartarazi egin behar du estatu-administrazioko lanaldia gehitzeko erabakia beste esparru batzutan baliatu nahiko dutela. Salatu egingo ditugu horrela jokatzen dutenak, esaterako Carlos Aguirre sailburua. Ez dugu inola ere horrelako erabakirik onartuko.