ELAk epaitegi militar marokoarrak auziperatutako aktibista sahararren askatasuna eskatzen du

2013/02/12
Gazte sahararroi egiten ari zaizkien auzi politiko-militarra salatzeko modukoa da, Gdeim Izikeko kanpamenduan beren eskubideak defenditu baino ez baitzuten egin.

2010eko urrian milaka sahararrek Gdeim Izikeko kanpamendua eraiki zuten, Marokok okupatutako lurraldean saharar komunitateak jasaten duen egoera politiko, ekonomiko eta soziala salatzeko. Gero gendarme marokoarrek egin zuten erasoan 19 saharar eta 3 agente marokoar hil ziren. Kanpamendua desegin eta 24 saharar atxilotu egin zituzten; egunotan auzia egiten ari zaizkio auzitegi militar marokoar bat.

Hori dela-eta, ELAk hau adierazi nahi du:

  • Gazte sahararroi egiten ari zaizkien auzi politiko-militarra salatzeko modukoa da, Gdeim Izikeko kanpamenduan beren eskubideak defenditu baino ez baitzuten egin.

  • Auzibide militarra bertan behera gera dadila eta gazte errepresaliatuak berehala aska ditzatela exijitzen du.

  • Marokoko gobernuaren jarrera ere salatzen du, saharar herriaren aberastasunak harrapatzeaz gainera, herri sahararraren askatasuna defenditzen duenari jazarri egiten baitzaio, baita pertsona horiek torturatu eta erreprimitu ere.

  • Espainiar gobernuak Marokokoarekin duen konplizitate eta sumisioa salatzen du.

  • Nazioarteko komunitateari, batik bat NBEari dei egiten dio behingoz emandako hitza bete eta Marokok zein beronen aliatuek botatzen dituzten mehatxuak arbuia ditzan.

  • Saharar herriari autodeterminazioa aitortzeko exijentzia ere aldarrikatzen du sindikatuak.