ELAk Nafarroako Metalaren Hitzarmenean azpikontratazioa mugatzea eta subrogazioa bermatzea eskatu du

2022/09/16
Sindikatuak sektoreko dozenaka ordezkari deitu ditu Metalaren Hitzarmenaren negoziazioaren berri emateko. Patronalak KPIaren oso azpitik dauden soldata igoerak planteatzen jarraitzen du, eta horrek hitzarmen hau aplikatzen zaien 35.000 pertsonak pobretzea ekarriko luke.

ELAk prentsaurrekoa eman du Metaleko Hitzarmenean azpikontratazioa mugatzeko eskatzeko Volkswagen Navarrako ate nagusian, bertan azpikontratatutako enpresa askok egiten dutelako lan. Azpikontratatutako enpresa batzuek metalaren hitzarmenean araututako baldintzen azpitik dauden lan baldintzak eta hitzarmenak aplikatzen dituzte. Gainera, azpikontratatutako enpresa aldatuz gero subrogazioa bermatzea ere eskatzen du ELAk, enpleguaren egonkortasuna eta lan baldintzak bermatzeko neurri gisa.

Bestalde, sindikatuak salatu du sektoreko patronalek (APMEN eta ANEM) urrun jarraitzen dutela Nafarroako Metalaren Hitzarmenaren negoziazioan onargarriak diren proposamenak egitetik. KPIari lotuta ez dagoen proposamen ekonomikoa egin dute patronalek: % 3,75eko igoera 2022an, % 3,5ekoa 2026an, % 3,25ekoa 2024an eta % 2koa 2025, 2026 eta 2027an. Horrek esan nahi du hitzarmen hau aplikatzen zaien 35.000 langile inguruk erosteko ahalmena galduko luketela, KPIa proposamen hori baino askoz handiagoa baita (KPIaren abuztuko azken datua % 11koa da).