ELAk babesa adierazi die Tubacexen, PCBn, Bizkaiko Metalean eta Petronorren lan-gatazketako inputatuei

Kasu gehienetan lan gatazka arruntei ordena publikoaren kontrako ekintzen trataera eman zaie. Eusko Jaurlaritzako agintari politikoek lan gatazken kriminalizazioa bultzatu dute horrela, lan gatazka arrunt bateko egoerak zuzenbide penaleko egitate bilakatu baitira. Kasu batzuetan proportziorik gabeko polizia jarduerak izan ziren Jaurlaritzaren aginduz, eta ondorioak langileek jasango dituzte.
ELAko Ertzaintzako atal sindikalak bilera eskatu zuen Barne Sailburuarekin gatazka horietan zuen jarrera arbuiatzeko, eta, protesta askoren antolatzailea den heinean, mobilizazioak gatazkarik gabe aurrera eraman ahal izateko baldintzak sortzea eskatzeko. Jaurlaritzak elkarrizketari uko egin dio, eta horrek erakusten du manifestazio edo greba eskubideari buruz duen iritzia: babestu beharreko eskubideak beharrean, kontrolatu beharreko ekintzatzat jotzen ditu Jaurlaritzak.
Hainbat langileri Mozal Legea aplikatu zaie, jadanik Kongresuan bertan behera utzita egon beharko zuen legedia. Zigor auzibidearen bitartez lortu ezin diren zigorrak lortu nahi dituzte administrazio zuzenbidearen bitartez; batzuei kartzela zigorrak eskatzen diete, eta beste batzuei proportziorik gabeko isun ekonomikoak.