armagabetzea

ELAk Bakearen Artisauak babestu ditu Parisko epaiketan

2024/04/02
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak berretsi duenez, "epaiketa hau ez zen inoiz egin behar" eta berriro eskatu du Beatrice Molle eta Txetx Etxeberriren absoluzioa.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoa Parisen da, Bakearen Artisauei (Beatrice Molle eta Txetx Etxeberri) babesa adierazteko. Gaur eta bihar epaituko dituzte Luhusokoekintzagatik, 2016an ETAren behin betiko armagabetzea gauzatzeko lehen saiakeragatik. Amaia Muñoak Parisen adierazi duenez, "epaiketa hau ez zen inoiz egin behar", eta auzipetutako bi pertsonen absoluzioa eskatu du.

Bestetik, bihar, apirilak 3, elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko hiriburu guztietan aldarrikapen berarekin.

ELAren iritziz, "epaiketaren arrazoia da Luhuson ETAren armagabetzea gauzatzeko Bakearen Artisauek hartutako erabakia. Armagabetze hori ehunka militanteren parte-hartzearekin eta Euskal Herriko milaka pertsona, hautetsi eta erakunderen babesarekin lortu zen, Molle-Haranek eta Etxeberrik ahaleginak egin eta hilabete batzuetara".

ELAren ustez, prozesu judizial hori epaiketa politikoa da. Auzipetuak, zendutako Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana eta Michel Bergouignanekin batera, Ipar Euskal Herriko indarkeriarik gabeko ekintzaileak dira. Euren ekintza estatuen eskumena izan behar zuena burutzea izan zen: urte batzuk lehenago armak utzi eta entregatzea erabaki zuen erakundea modu ordenatu eta seguruan desarmatzea. Epaiketa estatu horien arduragabekeria estaltzeko eta gizarte zibilaren ekintza mugatzeko erabiltzearen aurrean, premiazkoa da une politiko indartsu bihurtzea, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta estatuen agenda errepresiboa salatzeko.