ELAk balantzea egin du UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 10 urte igaro direnean, eta aldaketa gauzatu gabe dagoela ondorioztatu du

Azterlan honetan jorratutako hamar gaien analisiak ondorio nagusi batera eraman du ELA: hamar urte ondoren, Nafarroan "aldaketa politikoa" deiturikoa amaitu gabeko zeregina da. ELAk badauka erronka horren zailtasunen berri eta benetako aldaketarako ez dela nahikoa erakundetatik egiten den lana. Aldaketa gauzatu dadin, ezinbestekoa da behetik egindako presioa eta antolaketa: gizarte zibiletik, mugimendu sozialetatik eta sindikatuetatik. Horrela bakarrik bultza daiteke benetako eraldaketa prozesu bat.
Baina errealitateak erakusten du, fiskalitatea bezalako funtsezko eremuetan, aldaketa ez dela hasi ere egin. Azken hamarkadan ezberdintasunak eta pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin dute (% 13,9tik % 18,3ra) BPGa % 41,5 hazi den bitartean, etxebizitza eskuraezina da oraindik gizartearen zati handi batentzat (alokairuko etxebizitzen prezioa % 60 igo da), lan-osasuneko politika elkarrizketa sozialaren esku utzi da eta Nafarroa da laneko heriotza gehien dituen erkidegoa, osasunean eta hezkuntzan egindako inbertsioa Europako batez bestekoa baino 900 milioi txikiagoa da, hizkuntza politikak euskararen erabilera normalizatu gabe jarraitzen du (adibidez, atzerriko hizkuntzak oposaketa batzuetan kontutan hartzen dira eta euskara ez), eta berotegi efektuko gasen emisioa handitu egin da.
Balantze kritiko horrek ez du esan nahi esparru batzuetan egindako aurrerapenak kontutan hartzen ez direnik, hala nola memoria demokratikoan, torturaren biktimen aitortzan, Skolae programaren ezarpenean edo aniztasun kultural eta politiko handiagoa onartzean. ELAk positibotzat jo ditu urrats horiek, baina betiere azken hamarkadako politiken kudeaketa globalaren ikuspegitik. Horregatik, ezin ditugu partekatu egiteke dauden zereginen garrantzia erlatibizatzen duten diskurtsoak.
ELAren dokumentuak hamar gai aztertzen ditu: normalizazio demokratikoa, Nafarroaren estatus politikoa, euskara, ekonomia, zerbitzu publikoak, elkarrizketa soziala, siniestralitatea, genero politikak, polizia eredua eta ingurumena. Balantzea politiken edukian zentratzen da, eta ez politikak bultzatu dituzten alderdien kolorean. Hori guztia, kontuan hartuta 2015. urtera arte Nafarroa "Erregimen" edo "Corralito Foral" izenekoak markatu zuela, UPNk, PSNk, patronalak, UGTk, CCOOk eta Opus Deik osatua. Bloke horrek Nafarroaren ikuspegi bakarra ezarri zuen, sektore herrikoi eta abertzaleekiko bazterketa eta jazarpena sortuz, diru publikoarekin elite ekonomiko eta politikoen alde eginez, murrizketa sozialak aplikatuz eta CAN deseginez. 2008ko krisiak murrizketak eta ustelkeria kasuak areagotu zituen, eta horrek erakunde sozialen eta sindikalen antolaketa bultzatu zuen. Borroka ziklo hori hainbat mobilizaziotan eta sei greba orokorretan (2009-2013) islatu zen, eta UPN boteretik kentzen lagundu zuten.
ELAren ustez, desberdintasun sozialak erreproduzitzen dituzten, sektore pribilegiatuei mesede egiten dieten edo euskararen normalizazioa eragozten duten politikak zuzenduko dituzten egiturazko aldaketak bultzatzeak azterketa kritiko batetik abiatzea eskatzen du. Horixe izan da, hain zuzen ere, dokumentu honen helburua.
ELAk independentzia politiko eta ekonomikoarekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, beste erakunde sozial eta sindikal batzuekin aliantzak bultzatuz, aldaketa ez dadin mugatu gobernuan txandakatzea egitera, baizik eta Nafarroa solidarioagoa, euskaldunagoa eta berdintasunezkoagoa izan dadin.