ELAk, Barakaldoko udalari exijitzen dio berehala ordaindu ditzala epaitegiek langileei aitortutako zenbatekoak

2015/05/20
Barakaldoko udalak, 3.500 eta 12.000 euro ordaindu behar dizkie langile bakoitzari, soldatak erregularizatzeko, 2008 urtetik zor dituen atzerapenak ordaintzeko eta azken epaiak ez betetzeagatik eta atzerapenagatik sortutako interesak ordaintzeko.

2008 urtean, Barakaldoko udaleko ELAren ordezkariek administrazioarekiko auzi-prozesua hasi zuten epaitegietan, udaleko langileei soldataren zati bat era desegokian ordaintzen zitzaiela arrazoituz eta ondorioz, Lan Hitzarmen eta Dekretu ezberdinek ezartzen zituzten maila bakoitzerako soldata-zenbatekoak ez zituztela kobratzen argudiatuz.

Lehen epaiketa horretan, ELA Sindikatuari arrazoi ematen die epaitegiek eta udala zigortzen dute langileen soldatak erregularizatzera eta legez ezarri beharreko osagarriak aplikatzera. Udalak, ez zituen soldatak erregularizatu, are gehiago, trikimailu bat erabiliz langileen soldatak izoztuta geratu ziren.

ELAk helegite berri bat ezarri zuen eta epaitegietan ELAk irabazi egin zuen berriz ere. Udalak, diru publikoa erabilita, epai honen aurkako helegite bat ezarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean baina epaitegi honek, 2012 urtean, udalaren helegitea ez zuen onartu eta ELAri eta eragindako langileei arrazoi ematen zion epaia berretsi zuen.

Epai honen ondoren ere, udalak ez zuen berau betetzeko intentziorik adierazi eta langileei zor zizkien zenbatekoak gutxitzeko akordio bat egin nahi izan zuen udaleko langileen Batzordea osatzen zuten Sindikatuekin. CCOO, LAB eta UGT Sindikatuek akordio bat sinatu zuten udalarekin, langileek asanbladan erakutsitako borondatearen aurka eta udalak langileei zor zizkien atzerapen guztiak onartu gabe. Laburbilduz, epaitegiek esaten zutena baino gutxiago ordaintzeko akordioa.

Pasa den ostiralean baina, Epaitegiek, azken sententziak exekutatzeko egindako eskariaren aurrean, Barakaldoko udala premiatzen du berehala (15 eguneko epea) langileei zor dizkien zenbatekoak ordaindu ditzala edo, urte honetako urrian ordaintzeko aukera ematen dio, hori bai, zor dituen zenbatekoei, atzerapenagatik %2,5eko interesa aplikatuz.

ELAk berriz ere exijitzen du langileei zor zaizkien zenbatekoak berehala ordaindu daitezela eta Barakaldoko udalak azken urteetan izan duen jarrera prepotente eta irrazionala salatzen du, langileen aurkako erabakiak hartuz eta epaitegiek esandako sententziak bete beharrean behin eta berriz berauen aurkako neurriak hartu dituelako.

Barakaldoko udaleko langile Batzordea osatzen duten beste sindikatuen jarrera ere salatu nahi dugu, prozesu honetan ekarpenak egin eta irtenbideak aurkitu beharrean, udalarekin negoziatzen egon baitira, langileen borondatearen aurka eta epaitegi ezberdinek emandako epaiek esaten zutena gutxiagotzeko helburu bakarrarekin.