ELAren 16. kongresua
ELAk Bardea desmilitarizatzearen eta Erorien eraispenaren alde egiten du bere ponentzian

ELA Bilboko Euskalduna Jauregian bere Kongresua egiten ari da, "Langileria antolatu, gizartea eraldatu" lelopean. Leloak berak adierazten duen bezala, helburua langile klasea eragile aktibo eta eraldatzaile gisa antolatzea da, gizarte justuago bat lortzeko. Izan ere, "Sindikatu gehiago, bizitza gehiago" da ELAk lau urteko hitzordu honetarako aukeratu duen leloaren bigarren zatia.
ELAk Euskal Herriko sindikatu nagusia izateko sendotasunetik eta kohesiotik ekingo dio kongresu honi, 104.000 afiliatu baino gehiagorekin, lan gatazketan erreferente izanik, eta afiliazioari eta hauteskunde sindikalei dagokienez oso datu positiboak izaink. Izan ere, Nafarroan 1.500 ordezkari baino gehiago izatea lortu du, eta ordezkaritza handieneko sindikatu izendatu da.
Eztabaidatzen ari diren ponentzian, hau da, sindikatuak hurrengo kongresura arte, 4 urte barru, jarraituko dituen ildo nagusiak biltzen dituen dokumentuan ELAk Erorien monumentua eraisteko, Bardeako tiro poligonoa kentzeko, Nafarroako eremu zabalei eragiten dien despopulazioaren aurkako neurriak exijitzeko edo Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideen errespetua eskatzeko egindako apustua jasotzen da, lurralde osoan euskara ofizialtzetik hasita.
Gainera, ponentzian kritikatzen da Nafarroako Gobernuak, askotan, Estatuko ordezkaritza gisa funtzionatzen duela, Madrilen erabakitzen den politika hemen aplikatuz, zalantzan jarri gabe. Era berean, PSNren, Geroa Baien eta Contigo-Zurekinen Gobernuak ez du Amejoramenduaren Legearen esparrua zalantzan jartzen, eta herritarrei ez diete horren inguruan galdetuko, nahiz eta Lege Organiko hori inoiz ez den bozkatu.
Bihar bozkatuko da ponentzia eta Batzorde Exekutibo berria. Kongresuak onartzen badu, Mitxel Lakuntza nafarra izango da buru.