ELAk bat egin du 15ean Alderdien Legearen aurka izango den manifestazioarekin

2002/06/11
ELAren Batzorde Eragileak datorren larunbatean “Ilegalizazioari ez / Proiektu guztiak, ideia guztiak, pertsona guztiak” lemapean egingo den manifestazioarekin bat egitea erabaki du. ELA bat dator deialdia plazaratu duten lagunek giza-eskubide eta askatasun publikoen alde egindako aldarrikapenarekin eta aniztasun politikoaren defentsarekin. ELAk uste du indar politiko jakin baten ilegalizazioa, funtsezko eskubideak eta askatasunak urratzeaz gain, ez dela inondik inora gure gizarteko elkarbizitza normalizatzeko lagungarri izango, alderantziz baizik. ELAk badaki badirela giza eskubideen eta aniztasun politikoaren aurkako beste eraso batzuk; gure sindikatuak hauek deitoratu eta arbuiatu egin izan ditu gertatu diren aldioro. Sindikatu honek uste du, halere, 15eko manifestaziorako aukeratutako lema zabalak (Proiektu guztiak, ideia guztiak, pertsona guztiak) era guztietako aniztasun politikoaren aldarrikapena biltzen duela. Alde hortatik, ELAren aburuz larunbateko manifestazioak bi alderdi ditu: lehenik, alderdi politikoen legearen eta Batasuna legez kanpo uzteko asmoaren aurkako jarrera azaltzea, eta bigarrenik, euskal gizartearen aniztasun politikoa azpimarratzea, ideia eta herritar guztiak bere baitan hartzeko gauza den gizartea baita eraiki nahi duguna. Horregatik, ELAren Batzorde Eragileak sindikatuko kideei dei egiten die larunbateko manifestazioan parte har dezaten; ELAko zuzendaritzako talde bat bertan izango da, Jose Elorrieta idazkari nagusia buru delarik.