ELAk bat egin du 15ean Alderdien Legearen aurka izango den manifestazioarekin

2002/10/11

Dagoenekoz 25 pertsona hil dira laneko istripuetan Nafarroan, azkena joan den astean Berriozarren. Beste hainbat kasutan legez, heriotza berri honen ardura ez zaio inori leporatu. Baina esan beharra dago arlo honetan Nafarroan gertatzen ari denarekin ardura handia dutela lurralde honetako patronalak, gobernuak eta UGT eta CCOO sindikatuek.

Lehenik eta behin, ardura nagusia enpresaburuei dagokie: Ahalik eta mozkin handiagoak eskuratzea helburu nagusitzat dutenez, ezer gutxi axola die langileen lan baldintzak eta istripu arriskuak. Ondorioak jakinekoak dira: 25 hildako orain arte.

Nafarroako gobernuaren jarrerak ere aipamena merezi du. Nuria Iturriagagoitia, Lan sailburuaren ‘perla’ honen lekukoa da: “Jaungoiko Ahaltsuaren eskuetan jarri beharko genuke”, zioen orain dela aste batzuk heriotza baten ondoren, eta arazoari aurre egiteko ezer egin gabe jarraitzen du. Harrigarriena, inork kargu hartu ez izana eta bere postuan jarraitzea.

UGT eta CCOO sindikatuen jarrera ere lotsagarria da. Langabezia edota kolokako enpleguaren aurrean duten jarrera berdina hartu dute. Arazo honen aurrean gizarteak agertu duen kezka baliatu dute milaka milioi kudeatzeko. Hala, ezer egin gabe jarraitzen duten bitartean inora ez daratzaten hainbat prestakuntza ikastaroak antolatzen darraite. Eta denak kontent.

ELA, LAB, ESK, EILAS eta CGT sindikatuok behin baino gehiagotan salatu dugu Nafarroak arlo honetan bizi duen egoera penagarria, baina gauzak aldatzeke jarraitzen dute. Hamaika aldiz aipatutako patronala, sindikatu eta gobernuaren arteko lotura estua agerian geratzen da arlo honetan ere, ondorioak izugarriak izan arren.