ELAk bat egin du Adierazi EHk deitu duen manifestazioarekin

2010/09/06
ELAk bat egin du Adierazi EHk datorren irailaren 11rako egin duen manifestazio deialdiarekin; berau Bilbon izango da "Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan" lemapean.

Sindikatuak uste du gure herrian berehala aitortu eta errespetatu behar direla inoiz urratu beharko ez ziratekeen giza-eskubide, eskubide zibil eta politiko guztiak, baita askatasun eta berme demokratikoak ere.

Halaber, premiazkoa da hainbat egitate eta egoera gainditzea: espainiar botere-sistemaren gabezia demokratikoak, bizitza politikoaren judizializazioa, alderdien ilegalizazioa edota gatazkak konpontzeko elkarrizketa eta negoziazio politikoaren debekua.

Hori guztia dela eta, ELAk egoki irizten dio gizartea mobilizatzeko deialdiari, ez soilik eskubideak bere onera ekartzeko nahia adierazte aldera, baizik eskatzen den harekiko konpromiso aktiboa ere agerian uzteko.

ELAk dei egiten die bere afiliatu guztiei manifestazio honetan parte har dezaten.