ELAk bat egin du urriaren 15eko manifestazio deialdiekin

2011/10/13
ELAk bat egin du datorren urriaren 15ean haserretuen elkarteek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dituzten manifestazio deialdiekin, eta bere militante nahiz afiliatuei dei egiten die haietan parte har dezaten.

ELAren iritziz mobilizazioa eta borroka da egun ezartzen ari diren politika ekonomiko eta sozial ezin okerragoak aldatzeko bide bakarra. Gaur inoiz baino argiago ari da geratzen botere politikoa botere ekonomikoaren menpeko dela. Gobernuek patronalaren esanetara daude, eta honek gero eta gehiago nahi du, pastelaren zati are handiagoa bereganatzea besterik ez du gogoan. Herritar gehienak (lanean ari direnak, langabeak eta pentsiodunak) txirotzeko programa bat inposatu nahi digute. Horretarako zergak eta gizarte-kotizazioak berriro jaistea nahi dute, enpresa, kapital zein errenta altuentzat. Gizalegerik ez dute ezagutzen.

ELAk gogoratzen du krisia hasi denetik agertu izan dela eskubide sozial eta laboralak murrizteko asmoen aurka. Horretarako deitu zuen 2009ko maiatzeko greba, baita 2010eko ekainekoa (erreforma laboralaren aurkakoa) eta 2011ko urtarrilekoa ere (pentsioen murrizketa salatzeko egin zena, zeinaren ondorioz erretiratzeko adina 67 urteraino atzeratu baitzen).

Urriaren 15eko manifestazioa ere mobilizazio giro honetan dator. Murrizketa handiak egiten ari zaizkigu, eta datorren urterako are gehiago izango direla iragartzen dute. Haatik, inongo arazorik gabe ematen dizkiete 7.000 milioi euro aurrezki-kutxei, hauen kontuak orekatu eta esku pribatura pasa aurretik; bankuak ostera ere ‘berkapitalizatu’ egin behar direla diote, hots, diru publikoa berriro eman nahi diete.

Gogoratu beharra dago aurtengo urterako pentsioak izozteak gastua 1.500 milioi euro jaitsi zuela. KPIaren igoera pentsiodunei emateko ez zegoen dirua bostez biderkatuta eman zaie Kutxei. 

ELA ziur dago mobilizazioekin eta aliantza sozialak medio politikak aldatzea lortu ahal izango dugula; horregatik, norabide horretan lan egiteko prest dago.