pentsiodunen mugimendua

ELAk bat egin du gutxiengo pentsioak gutxiengo soldatarekin parekatzeko mobilizazioekin

2025/09/20
Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon, Gasteizen eta Donostian egindako mobilizazio arrakastatsuetan Herri Ekimen Legegilearen alde bozkatzeko deia egin diete euskal alderdi politikoei hilaren 25ean.

ELAko militantziak bat egin du gaur Bilbon, Gasteizen eta Donostian Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bultzatutako HELaren alde kalera atera diren milaka pertsonekin. Duela hilabete batzuk pentsiodunek Herri Ekimen Legegile bat jarri zuten abian, gutxieneko pentsioa Euskal Autonomia Erkidegorako gutxieneko soldatarekin parekatu arte osatzeko. Ekimen honek babes handia jaso du euskal herritarren artean, ia 145.000 sinadura bildu dira.

Irailaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak txosten tekniko negatiboa egin zuen HELari buruz. ELAren arabera, txosten horrek pentsiorik baxuenei irteera emateko borondate politikorik eza islatzen du.

Gaur egun 90.000 pentsiodun inguru daude, gehienak emakumeak, eta gutxiengo soldatatik beherako pentsioa dute. Hala ere, 90.000 horietatik 15.000k soilik kobratzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Hau da, emakume pentsiodun asko pobreziaren atalasetik beherako diru-sarrerekin bizi dira.

ELAk irailaren 25ean Gasteizen egingo den mobilizazioan parte hartuko du berriro, gutxieneko pentsio nahikoa eta bidezkoa aldarrikatzeko.