GREBA FEMINISTA

ELAk bat egingo du EH-ko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako greba orokorrarekin

2023/06/21
ELAk partekatzen du greba feministaren aldarri nagusia; zaintza sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko bat bermatzea. ELAren aldarrikapenak dira, alegia. Hori dela eta, sindikatuak bat egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorrarekin.

ELAk urteak daramatza zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen eta mobilizazioak deitu ditu pertsona guztion eskubideak legez bermatzeko. Are gehiago, orain dela bi urte hiru greba egun deitu zituen zaintza esparru ezberdinetan, hain zuzen ere.

Sindikatuak gogorarazi du zaintza eremuan, EAEko eta Nafarroako instituzioek ez dutela bermatzen menpekotasun egoera ezberdinei erantzuteko eskubidea, besteak beste, adinekoen eta adin txikikoak zintzeko, edota egoera zaurgarrian dauden pertsonak zaintzeko eskubidea. Azken urteetan pribatizazioa izan da nagusi, eta ondorioz, zerbitzuaren gainbehera gertatu da, langileen lan baldintzen kaltetan. “Ezinbestekoa da bizitzak sostengatzen dituzten zaintza lanen balioa aitortzea, egun krisian baitaude”, dio ELAk.

Hori dela eta, sindikatuak ezinbestekotzat jo du lantokiak zein kaleak aktibatzea, “duintasunez zaintzeko eta zainduak izateko”.

Irakurri ELAren aldarrikapen nagusiak