ELAk bat egiten du 18/98+ lantaldeak deitutako manifestazioarekin

2007/03/09
ELAren Batzorde Eragileak bat egiten du 18/98+ Lantaldeak martxoaren 10erako deitu duen manifestazioarekin.

ELArentzat, prozesu honek zerbaiterako balio izan badu, zuzenbide estatu deritzanaren ajeak eta lotsak agerian uzteko izan da: orain arte ikusitakoaren arabera, aurriritziek, teoriek eta usteek hartu dute epaiketa batean egitateei eta frogei dagokien lekua; zigor legeek ezarritako tipoak nahierara nasaitu dira, ez bakarrik zilegi, baizik eta osasun demokratikoaren seinale diren eginbideak terroristatzat jotzera iritsi arte; epaiketa bera, egin den moduan, epaituentzat zigor izugarri bihurtu dute; eta, oro har, zuzenbidearen babesean, zuzenbidearen printzipio oinarrizkoak zanpatuak izan dira.

Bereziki kezkagarriak iruditzen zaizkio ELAri Fiskalak eginiko zigor eskaerak, epaiketan zehar azaldutako frogei, edota froga gabeziari, baino gehiago presio politikoei eta hedabideen eraginari erantzuten dietela diruditenak.

Larunbaterako manifestazioarekin bat egitean eta sindikatuko kideei bertan izan daitezela eskatzean, prozesatuei elkartasuna adierazi nahi die ELAk, bere absoluzioa eskatu, eta antolakuntza eskubidea aldarrikatu.