ELAk bat egiten du bihar euskal presoen eskubideen alde Etxeratek antolatu dituen kontzentrazioekin

2005/11/24

Irakaskuntza alorreko hainbat eragilek bat egin dute Etxerat-ek hileroko azken ostiraletan presoen eskubideen alde egiten dituen mobilizazioekin. Ekimenarekin bat egin duten taldeen artean ELA, Euskal Herriak Bere Eskola, Presoen Aldeko Taldea, LAB, EILAS, Segi, Gazte Komunistak, AEK, Izquierda Universitaria, Ikasle Abertzaleak, IKA, Arturo Campion taldea, EHUtik kaleratutako irakasleak eta hainbat ikasle eta irakasle.

Etxerat-ek hileroko azken ostiraletan egiten dituen elkarretaratze isilekin bat egin dute sinatzaileek, eta horietan parte hartzeko deia luzatu. Bihar, Etxerat-en mobilizazioetan parte hartzeaz gain, elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxeetan eguerdian, Ikasteko eskubidea gauzatzeko, euskal presoak Euskal Herrira lelopean.Izan ere, irakaskuntza alorrean ari diren eragileek ohartarazi dutenez, Espainiako espetxeetan dauden euskal ikasle presoek ezin dute ikasi, Madrilgo UNEDen ez bada. 2002-03 ikasturtean ikasle presoak EHUtik kanporatu egin zituztela eta ikasketak utzi zituztela gogorarazi dute. Ikasturte horretan, 301 ikasle preso zeuden EHUko 25 karreretan matrikulatuta, eta beste ia 200 ari ziren hizkuntza eskoletako edo erdi mailako ikasketetan.