Feminismoa

ELAk bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarritako greba feminista orokorrarekin

2023/04/27
Gaur arratsaldean egin dute bilera ELAk eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Deialdiko aldarrikapenak sindikatuarenak ere badira, batez ere zaintza esparruetakoak.

ELAren organo konfederalek ontzat eman dute greba feminista orokor baterako bidea abiatzea, eta sindikatuak erabaki hori Euskal Herriko Mugimendu Feministari helarazi dio modu ofizialean. Greba feminista orokorraren aldarrikapen nagusia zaintza sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko bat bermatzea da eta ELAk hori berori aldarrikatzen du.

Gaur egun, gizartearen behar nagusienetarikoak osasuna eta zaintza dira. Zaintza eremuan, EAEko eta Nafarroako instituzioek ez dute menpekotasun egoera ezberdinak kubritzeko eskubidea bermatzen, adinekoen eta adin txikikoen zaintza dela, egoera zaurgarrian dauden pertsonen zaintza dela... Azken urteotan eman den pribatizazioranzko joerak zerbitzuen kalitatearen gainbehera ekarri du, bai eta langileen baldintzen makurtzea. Horregatik, ezinbestekoa da bizitzak sostengatzen dituzten zaintza lanei duten balioa ematea.

ELAk grebak aktibatu ditu azken urteotan zaintzaren esparruan: erresidentzietan, etxez etxeko laguntzan, esku-hartze sozialean... Eta horretan jarraitzen du. 2023an, Euskal Herrian egindako greben bi herenetan emakumeak dira protagonista. Horregatik ere, ELAk bat egiten du greba feminista orokorrarekin.