ELAk bat egiten du Kontseiluak biharko Bilbon deituriko elkarretaratzearekin: goizeko 11etan, Auzitegi Nagusiaren aurrean

2021/05/21
Euskaltzaleok hitzordua dugu bihar goizeko 11etan Bilbon, Auzitegi Nagusiaren aurrean. ELAk bat egiten du Kontseiluak biharko Bilbon deituriko elkarretaratzearekin. Auzitegi Nagusiaren epai politikoak dakarren gaztelaniaren hegemonia eta estatu monolitiko baten ezarpena salatzeko deia egiten du ELAk.

Irungo udaltzainen 12 lanpostutan hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak emandako epaiak administrazioetan euskararen normalizazioan 20 urte atzera egitea suposa dezake eta hurrengo 20 urteetarako araudi berriaren eztabaida mugatu nahi du.

Hurrengo 10 urteetan administrazioetako langileen erdiek erretiroa hartuko dute, honek aukera paregabea sortzen du gatazkarik gabe, erreleboa planifikatu eta epe horretan euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen administrazioa eraikitzeko eta, era berean, administrazioetako langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzeko.

ELAren ustez egun euskalgintza eta administrazioetan aritzen garen eragileok trantsizio horri begirako estrategia eraginkorrena eztabaidatu behar dugu, eta epai honek edo bestelako eremu euskarafoboetatik zabaltzen diren diskurtsoekiko askatu behar dugu. Epaileei eta Estatu monolitiko bat nahi dutenei ezin diegu utzi gure burua baldintzatzen eta diskurtso euskarafoboen beldur urrats berririk ez ematen.

40 urteko autonomismoaren ondoren bada garaia esparru guztietan euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sor daitezen eta horretarako administrazioek baliabideak ezar ditzaten. Horregatik, euskaltzaleok bihar hitzordua dugu goizeko 11etan Bilbon, Auzitegi Nagusiaren aurrean.