Kontseiluak deitutako manifestazioa Donostian euskararen aurkako erasoak salatzeko

2015/02/28
Kontseiluak deitutako manifestazioa Donostian euskararen aurkako erasoak salatzeko
Azkenaldian euskara eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak areagotu egin dira. Erasoaldi honen arrazoiak politikoak izanik, euskal erakundeek euskara babesteko estrategia politiko garbi bat izatea eta neurri zehatzak hartzea inoiz baino beharrezkoa dela deritzogu. Era berean, euskaldunon hizkuntza eskubideak erabat bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkorra aldarrikatzen dugu.

Azkenaldian euskara eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak areagotu egin dira: Estatuetako ordezkariek Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana epaitegietara eramanez, UEMAko hainbat udali aktak euskaraz idazteagatik helegiteak jarriz, Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasunezko diru-laguntzak baliogabetuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako euskara dekretuak auzitegietara eramanez. Estatuetako ordezkariek ez ezik, Nafarroako Gobernuak ere bide bertsuari ekin dio, besteak beste, Baztango Udalak onartutako euskara planari helegitea aurkeztuz.

Erasoaldi honen arrazoiak politikoak izanik, euskal erakundeek euskara babesteko estrategia politiko garbi bat izatea eta neurri zehatzak hartzea inoiz baino beharrezkoa dela deritzogu. Era berean, euskaldunon hizkuntza eskubideak erabat bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkorra aldarrikatzen dugu.

Euskararen aldeko mobilizazio soziala ezinbestekoa da oraingoan ere. Euskaraz bizi nahi dugun herritar eta langileak kalera aterako gara euskararen normalizazioan atzera pausurik eta kanpoko esku-hartzerik ez dugula onartuko esateko. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara! Euskaraz lan egingo dugu!