ELAk bat egiten du Luis Enrique Sorianoren heriotza salatzeko mobilizazioekin

2021/08/09
ELAk deialdia luzatzen du bihar asteartean (18.30etan, Azpeitiko plazan) Luis Enrique Soriano gaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzean parte hartzeko. Hauxe da euskal eragile batzuen artean adostutako salaketa-testua:

"Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu.

Luis Enrique Sorianoren heriotza dela eta, idazki hau sinatzen dugun eragileok honakoa adierazi nahi dugu:

1- Ezer baino lehen, gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu Luis Enrique Sorianoren hurbilekoei. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu testigantza latz hau gizarteratu izanagatik.

2- Luis Enriqueren heriotza azken hiru urtean jasa duen lan jazarpen egoerarekin lotuta dagoenaren susmoa dugu. Gazte honen senitartekoek partekatu dizkiguten testigantzen arabera,egunerokoan sufritu duen lan esplotazio egoera ikaragarria izan da. Besteak beste: amaierarik gabeko lanaldiak, presio psikologikoa eta langile batek izan behar lituzkeen oinarrizko eskibideen ukazioa.

3- Luis Enriquek bizi izan duena ez da salbuespena. Asko dira antzeko egoeretan lan egiten duten langileak, baita Azpeitian ere. Kasu askotan, esplotazio egoera horiek areagotu egiten dira langileak migratzaileak direnen: arrazakeria zantzu argiak daude egoera horien atzean.

4- Egiturazko arazo baten aurrean gaude: hain zuzen, esplotazio eta jazarpen egoera horiek egon daitezela bermatzen duen eredu kapitalista dago zapalketaren oinarrian. Eredu hori gainditu eta justiziazkoa izango den gizarte baten alde egin beharrezkoa da, gure ustez.

5- Gertaera hau azken bururaino ikertu eta erantzukizunak argitzeko eskatu nahi dugu. Honekin batera, lan eta prebentzio politiketan ardura dituztenei eskaera argia egin nahi diegu: hartu ditzatela behingoz esplotazio eta jazarpen egoera horiekin amaitzeko neurriak.

6- Egoera larri hauen aurrean herritarren protesta eta mobilizazioa beharrezkoak direla uste dugu. Horregatik, bihar, asteartea, arratsaldeko 18:30ean, Azpeitiko plazan izango den elkarretaratzera deitu nahi ditugu herritarrak".