BIZKAIKO ERAIKUNTZA

ELAk baztertu du CCOOren eta ASCOBIren sektorerako proposamena

2023/09/27
Atzo egindako Bizkaiko Eraikuntza sektoreko hitzarmen probintzialaren laugarren negoziazio bileran, CCOOk proposamen bat egin zuen, patronalak begi onez ikusi zuena: 2023ko soldata tauletan %5 gehitzea, eta hurrengo bi urteetan %0,7 berreskuratzea. Hau da, lansarien indarraldia 2025 barne luzatzea proposatu dute, nahiz eta gaur egungo hitzarmenaren indarraldia 2024 arte izan. ELAk ez du begi onez ikusten proposamena.

Gogoratu behar da bilerako gai zerrendako puntu bakarra 2023 eta 2024 urteetako soldata igoeraren negoziazioa zela. Izan ere, bai ASCOBI patronalak, bai CCOO eta UGT sindikatuek, lau urteko indarraldia zuen hitzarmena sinatu zutela, baina 2023 eta 2024 urteetarako negoziatutako igoera 0 da. ELAk ez zuen eduki hori onartu, ezta beste hainbat gabezia ere.

Hori dela eta, ELA sindikatuak, sektoreko %32,75eko ordezkaritza duenak, oso balorazio negatiboa egin zuen CCOOren proposamenaz. Momentu honetan aurreko negoziazioan itxi gabe utzi ziren soldata-igoerak baino ez dira negoziatu behar, eta, hurrengo negoziazioa baliatu behar da, besteak beste, lanaldia murrizteko, lan baldintzak blindatzeko, KPItik gorako soldata igoerak lortzeko eta azpikontratak arautzeko.

Bizkaiko eraikuntza sektoreko enpresak onura handiak izaten ari dira eta lan karga handiak dituzte. Hori dela eta, sektoreko langileek sortzen duten aberastasuna behar bezala banatzea eskatzen dugu.

Horregatik guztiagatik, ELAko Bizkaiko Eraikuntzako ordezkarien gaur egindako asanbladak baztertu du CCOOk eta ASCOBIk egindako proposamena, eta sektorea aktibatzeko deia egiten du, ELAren aldarrikapenak jasoko dituen hitzarmen kolektibo bat lortzeko.