ELAk begi-onez ikusten du Guardian Llodion lortutako akordioa

2008/04/07
Apirilaren 4an egindako batzarrean Guardian Llodioko langileek onartu egin zuten langileen batzordeak martxoaren 26an zuzendaritzarekin sinatutako aurre- akordioa.

Akordioak 5000 euro arteko soldata igoera linealak jasotzen ditu 2008. urterako; 2009. urterako soldata igoera KPI+0,75ekoa izango da; 2010erako KPI+1; azkenik, 2011. urterako KPI+1,5 eta 700 eurotako igoera lineala.

Lanaldiaren murrizketa 40 ordukoa izango da 2008. urtean, eta 18koa 2010ean. Bestalde, langile guztiei urteko irabazi gordinaren %1,5eko paga zabalduko zaie; honek 450 euro suposatzen ditu. Gainera, distantzia plusa ere ordainduko da, besteak beste. Hobekuntza hauek kontratazio berriek pairatzen zuten soldata eta lanaldi diskriminazioa gutxitzea ahalbideratuko dute.

Akordioak ere beste hainbat puntu baikor jasotzen ditu. Esaterako, egun txandakatze sisteman lan egiten duten langile guztiak langile finkoak izango dira etorkizunean. Gainera, aurten Aldi Baterako Enpresen bidez kontratatutako 90 langile Guardian Llodiok kontratatuko ditu.

ELAren iritziz, Guardianek langileen eskubide kolektibo eta indibidualen inguruan daraman pertsonal politika oso oldarkorra da. Horren ondorioz langile talde askok kontratu, soldata, edo gizarte eskubide ezberdinak zituzten, enpresan sartu ziren dataren edo zuten kontratu motaren araberakoak. Aurre-akordio hau egindako greben ondorio da, eta neurri handi batetan soldatetan, plusetan eta lanaldian zeuden desorekak murrizten ditu. Gainera, aldi baterako kontratua zuten 100 langileren egoera erregularizatu egingo da.