ELAk bere afiliatuei dei egiten die urtarrilaren 13an Sarek deitutako manifestazioan parte har dezaten

2018/01/08
ELAren esanetan konponbidearen aldeko deiadarra Espania eta Frantziar estatuetako gobernuen politikarekin guztiz kontrajarrita dago, batik bat Espainikoarekin, presoen kolektiboari eta beren senideei demokrazia homologatu batekin zerikusirik ez duen erregimena inposatzen baitie oraindik.

ELAk dei egiten die bere afiliatuei Sarek “Prest gaude” lemapean datorren urtarrilaren 13rako Bilbon antolatu duen manifestazioan parte har dezaten.

Sindikatuak aintzat hartzen ditu 2017an euskal preso politikoak aitortzerakoan eta hauen eskubideak aldarrikatzeko egin diren urratsak, esaterako, EAEko eta Nafarroako indar politiko gehienek gaixorik dauden presoak askatzeko adierazi duten posizioa. Halaber, pozgarria izan da ELAren ustez Parisen joan den abenduaren 9an izan zen manifestazio handia, non Iparraldeko indar politiko guztiek parte hartu zuten, eskuin muturrak izan ezik.

Konponbidearen aldeko deiadar hau bi estatuetako gobernuen politikarekin guztiz kontrajarrita dago, batik bat Espainikoarekin, presoen kolektiboari eta beren senideei demokrazia homologatu batekin zerikusirik ez duen erregimena inposatzen baitie oraindik. Bidegabea izateaz gainera, politika hori gure herrian nagusi den borondatearen aurkakoa da, bizikidetzan aurrera egin nahi baitu gehiengoak, are gehiago, kontuan izanik dagoeneko sei urte igaro direla borroka armatua amaitu zenetik eta joan den apirilean armagabetzea behar bezala burutu zela.