ELAk bere atxikimendua eman dio Maiatzaren 19rako Herrira Plataformak antolatu duen Plazara ekimenari

2012/05/16
Urteak dira ELA euskal preso politikoen eskubideen alde mobilizatzen dela eta salatzen duela Espainiako gobernu ezberdinek erabaki duten espetxe-politikak zuzenbide eta gizabidezko printzipiorik funtsezkoenak urratzen dituela.

 

Ildo horretan ELAk bereak egin ditu aspaldidanik presoen giza eskubideak errespetatzeko aldarrikapena eta bat dator Herrira Plataformak larunbat honetarako egin duen deialdiaren xedearekin:

  • Sakabanaketa politikarekin amaitzea eta presoak Euskal Herrira hurbiltzea.

  • Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta bestelako gaixotasunak dituztenei osasun-trataera egokiak ematea.

  • Kondenak luzatzeko egin diren lege-aldaketak eta epaiak (Parot doktrina) bertan behera uztea, finean bizi arteko zigorra ezartzea suposatzen dute eta. Bide horretan, zigorraren 2/3 edo 3/4 bete dituzten presoak kaleratzea.

Giza eskubideekiko konpromisoa duen sindikatua garen aldetik, dei egiten diogu ELAko militante eta afiliatuei Herrira Plataformak deitu dituen elkarretaratzeetan parte hartzera.