HIL-OHARRA

ELAk bere dolumina adierazi du Alfonso Etxeberriaren heriotzagatik

2025/12/27
ELAk bere dolumina adierazi du Alfonso Etxeberriaren heriotzagatik
Alfonso Etxeberria ELAko idazkari nagusi izan zen, baita euskal sindikalismoaren historia hurbileko izen garrantzitsuenetako bat ere. Haren heriotza dela eta, sindikatuak senide eta lagunei benetako samina adierazi nahi die.

Alfonso Etxeberriaren ibilbidea zeharo lotuta dago berebiziko eragina izan zuen une historiko batean gertatu zen ELAren berrantolatze- eta indartze-prozesuari. Frankismoaren amaierak eta euskal sindikalismoa errotik berreraikitzeko beharrak baldintzatu zuten garai hartan Etxeberriaren lana ezinbestekoa izan zen gaur oraindik ere indarrean dagoen proiektu sindikal autonomo, nazional eta klasekoaren oinarri organizatibo, politiko eta estrategikoak ezartzeko. 

70eko hamarkadan, urte askotan baldintza klandestinoetan jardun ondoren, Alfonso Etxeberriak gidatu zuen ELA berreraikitzeko lanari ekin zioten militante talde nagusietako bat; eta kohesio handiko erakundea taxutu zuten, Hegoaldeko lurralde guztian zehar zabaldua eta irauteko asmoa zuena. Etxeberriak konpromisoa zuen egitasmo sindikal jakin batekin, zeinetan bateratuko ziren lan organizatiboa, nortasun nazionala eta ikuspuntu soziala; horri esker sindikatuari marko egituratu eta estrategiko bat eman zitzaion. 

1975ean prozesu hori burutu zen Etxeberriaren taldea ELAko zuzendaritzara iritsi zenean; hau gauzatzeko akordioak zatiketa nagusi zen zikloa itxi zuen eta batasun organizatiboko aldiari eman zion hasiera. Haren ekarpena funtsezkoa izan zen ELAren III. Kongresuaren prestakuntzan; hau 1976an izan zen, eta berarekin frankismoak inposatutako salbuespen egoera gainditu zen. Eredu sindikal berri baten oinarri ideologiko eta organizatiboak argi definitu ziren orduan. 

Garai hartan Alfonso Etxeberriak ELAren egitasmo jakin baten alde egin zuen: erakunde guztiz autonomoa, alderdien egiturekiko loturarik gabea; sindikatuaren jarduera euskal langileriaren interes material eta politikoen defentsa izan behar zen, eta barne-egituraren oinarriak, berriz, afiliazioa eta finantziazio independentea. 

Etxeberriaren idazkari nagusi lana une oso zailean garatu zen. Haren bultzadari esker ELAk zuzendaritza berri bat finkatu zuen, bere oinarri soziala hedatu, nazioarteko sindikalismoarekin zituen harremanak aregotu zituen eta Euskal Herriko errealitate soziolaboralean eraginkortasun eta koherentzia handiagoz esku hartzeko behar ziren bitartekoak bideratu zituen. 

ELAk Alfonso Etxeberriaren ekarpen historikoa aitortu nahi du, bai zuzenean egin zuen lanagatik, baita eraikitzen lagundu zuen errealitate organizatiboagatik ere. Haren lana eraldaketa-prozesu kolektibo baten baitan izan zen, baina badu ere bere-berea den kutsu bat, sindikatuak aintzat hartu eta eskertzen duena. 
ELAren izenean une mingarri honetan Alfonsoren senide eta gertuko guztiei gure estimua eta hurbiltasuna helarazi nahi diegu.