ELAk bere elkartasuna adierazi die gose greban dauden preso palestinarrei

2017/05/05
Joan den apirilaren 17an, Israelek Palestina okupatu zuela 50 urte bete zirenean, 1.500 preso politiko palestinarrek iragarri zuten gose greba mugagabea egiten hasiko zirela. Aldarrikatzen dutena da Israelek apartheid judiziala bertan behera utz dezala, izan ere, modu sistematikoan gertatzen baitira abusuak, konfinamendua, tortura eta utzikeria medikua; halaber, nazioarteko zuzenbidearen arabera preso palestinarrei zor zaizkien eskubideak ukatu egiten dira.

Israelen 6.300 bat preso palestinar daude; horietatik 300 haurrak dira eta 62, emakumeak. Gainera, badira ere 23 hiltzeko arriskuan dauden 23 gaixo ere, Adameer giza-eskubideen aldeko elkarteak salatu duenez. Hori gutxi ez eta bostehun preso inguru “atxiloketa administratibo” erregimenaren pean dauzkate, hots, ez diete akusazio formalik egin, eta egoera nahieran luza daiteke. Amnesty Internationalek dioenez, Israelek aspaldidanik preso palestinarrei ezarri izan dien espetxe-politika ankerra da, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa gordina.

ELAk salatu egin nahi du Israelek preso palestinarrei ezartzen dien espetxe-sistema, nazioarteko zuzenbidea eta giza-eskubideak sistemaz urratzen baititu. Horregatik, gure elkartasuna adierazten diegu gose greban dauden preso palestinarrei, baita herri palestinarrari ere, bere autodeterminazioaren alde daraman borrokagatik.